Suteak ekiditeko murrizketa berriak sartuko dira indarrean Aiaraldean gauerdian eta isunak 30.000 eurokoak izan daitezke

Aitor Aspuru Saez 2022ko urr. 26a, 11:18

Igandean sutea piztu zen Artziniegan. / Artziniegako Udala

Tenperatura altuen, haizeteen eta lehortearen ondorioz, Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaile gehiago ezarri ditu baso suteak prebenitzeko eta Aiaraldean eragina izango dute, bereziki. Murrizketa eta debeku guztiak aktibo egongo dira Euskalmetek ezarritako alerta laranja mantentzen den bitartean.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak murrizketak eta debekuak aktibatuko ditu gauerditik aurrera Euskadiko Kantauri isurialdeko barnealdean eta kostaldean. Horrek esan nahi du 00:00etatik aurrera hurrengo jarduerak debekatuko dituztela:

  • Sua erabiltzea edo sua eragin dezaketen jarduerak egitea, hala nola nekazaritza- eta baso-eremuetan deflagrazioak, txinpartak edo deskarga elektrikoak sor ditzaketen makinak erabiltzea.
  • Su artifizialak, petardoak eta pirotekniako bestelako elementuak erabiltzea eta barbakoak egitea, hori guztia baita hiri-lurzoruan ere eta zuhaitzak eta zuhaixkak dauden lursailetatik, sastrakadietatik edo edozein eratako labore-sailetatik 300 metrora baino gutxiagora.
  • Bertan behera geratuko dira uztondoak, larre iraunkorrak, inausketako adarrak eta basoko hondarrak erretzeko emandako baimen guztiak.
  • Erretzen ari diren objektuak edo sutea eragin dezakeen edozein eratako materialak botatzea edo abandonatzea.

Isunak

Poliziaren esku egongo da zigorrak abiatzea murrizketa horiek betetzen ez dituzten herritarren aurka. Hain zuzen, arau-hauste larriak eta oso larriak egongo dira eta ezarri ahal izango diren prozeduren artean, 1.501 eurotik 30.001 eurora arteko isunak daude.

Indarrean alerta laranjak iraun bitartean

Segurtasun Sailak azaldu du neurriak indarrean egongo direla Euskalmetek alerta laranja mantentzen duen bitartean. Halaber, euren aurreikuspenen arabera, igandean amaituko da egoera. Edonola ere, eguraldiaren menpe egongo da Basoko Suteetarako Larrialdietako Plan Berezia bertan behera geratzea.

Arreta berezia Aiaraldean

Eusko Jaurlaritzak baso suteak prebenitzeko neurriak hartzeko beharra sumatu du haize boladen, tenperatura altuen eta lehortearen ondorioz, eta zenbait gune aipatu ditu, zeinetan arriskua handiagoa izan daitekeen. Horien artean dago Aiaraldea: "batez ere kostaldeko eta Kantauri isurialdeko barnealdeko zonaldean (Gipuzkoa, Bizkaiko eta Aiarako kuadrilla/Araba) eta Kantauri isurialdeko barnealdeko guneetan (Gipuzkoa, Bizkaiko eta Aiarako kuadrilla/Araba)":

Izan ere, gogoratu beharra dago asteburuan sutea piztu zela Artziniegan eta haizeak hainbat kalte utzi zituela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide