Hilabete hasieran hasi zen nabaritzen Euskaraldia zetorrela. Aiaraldeko herri askotan jarduerak antolatu dituzte ariketaren berri eman eta berotzen hasteko. Ekimenak iraun bitartean ere, ekintza andana izango dira eskualdean, eta Aiaraldeko Euskalgintzaren Kontseiluak jaso du horien berri. Informazioa eguneratzen joango dira. Beraz, datu gehiagorako, aiaraldekoeuskalgintza.eus helbidera jo daiteke.
Batzuk aipatzearren, ostiralean bertan, Euskaraldiaren hasiera egunean, Arrankudiaga-Zollon egingo duten ekimena dago. Txokolatea eta txapak banatuko dituzte eta Euskaraldiko arropa jarriko dute salgai. 19:00etan, gainera, Txalainaken kontzertua egongo da herrian. Laudion ere jarduerak egongo dira ostiralean. Umeentzako jolasak, txapa tailerra eta txistorra jana izango dira arratsaldean, eta iluntzean, 20:00etan, Beti Jai Fanfarreak girotuko ditu kaleak. Aretan ginkana, txokolatada, talde argazkia, dantza plaza eta kalejira izango dituzte egun berean. Orozkon pilota partidak antolatu dituzte 18:00etan eta poteo musikatua 20:00etan. Urduñan, aldiz, zurezko plaza jokoak, txokolate jana, helduentzako bakarrizketa eta erromeria egingo dute, Garilak26 taldearen eskutik.
Hurrengo egunetan ere aukera egongo da han eta hemen Euskaraldiaren inguruko ekimenez gozatzeko. Urduñan egongo da lehen aukera, larunbatean bertan Euskararen aldeko mendi martxa antolatu baitu Txarlazo Mendi Taldeak. Okondon igandean “barrez lehertzeko aukera” egongo da Pantxikarekin. Arrankudiaga-Zollon, bestalde, mendi martxa egingo dute azaroaren 27an eta abenduaren 2an poteo musikatua eta bertso-afaria. Artziniegan photocall-a antolatuko dute azaroaren 27an, 12:30etik aurrera, frontoian. Laudion abenduaren 2an arratsalde osoko egitaraua prestatuko dute, txokolate eta talo janarekin, jokoekin, bertso saioarekin eta poteo musikatuarekin.
Euskararen Eguna
Nolanahi ere, egun handia abenduaren 3an ospatuko dute aiaraldearrek, denek batera, Euskararen Egun Bateratuan. Arakaldon izango da eta egun osoko egitaraua prestatu dute, gustu eta adin guztietarako. Goizeko 09:00etatik hasita eta iluntzera arte, mendi martxa, umeentzako jolasak, erraldoiak, bola jokoa, pilota partidak, bazkaria, bakarrizketa, erromeria eta DJ-ak egongo dira, besteak beste, euskararen aldeko aldarria eskualde osoan barreiatzeko.
Txapak jasotzeko azken aukerak
Oraindik txapa jaso ez duenak, hainbat aukera ditu eskuratzeko: Aiaran gaur eta bihar Udaletxean jaso daiteke 09:00etatik 14:00etara; Amurrion Amaurre Ikastetxean, Aresketa Ikastolan, AEKn, Zaraobe Institutuan, Mendiko Eskolan eta Zabaleko eskolan jaso daiteke, gaur eta bihar artean, 17:00etatik 19:00etara; eta Arrankudiaga-Zollon ostiralean bertan aukera egongo da 16:30ean. Orozkon ere egongo da txapak jasotzeko aukera, egun berean.