Eusko Jaurlaritzak publiko egin du Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren aurrerapen dokumentuan eta Aiaraldean eragina dauka egitasmoak. Izan ere, erakundeak parke eolikoentzako 33 balizko kokapen hautatu ditu Euskal Autonomia Erkidegoan eta bi Aiaraldean daude. Bata ezaguna zen jadanik, Jesuri-Larragorri ingurua.
Bestea, ordea, berriki azaleratu da eta Ganekogorta da. Gainera, lehen mailako gunetzat jo dute, urtero 3.350 ekoizpen ordu emango bailituzke zati batean (antza, lau gunek osatuko lukete, gutxienez). Beste zatian 2.650 orduko ekoizpen gaitasuna egongo litzateke. Zehazki, Eusko Jaurlaritzak aurreikusi du 6 kilometroko luzerako azpiegiturak eta 800 metroko zabalerako lur okupazioa barne hartzea.
Agertu den informazio berri honekin, Aiaraldean hiru gunetan jarriko lirateke parke eolikoak; Jesuri-Larragorrin, Ganekogortan eta Gorobelen.
Orozkon duela aste gutxi Delta Power enpresak jakinarazi zion Udalari Untzuetan zenbait haize errota jartzeko asmoa duela, zortzi aerosorgailurekin. Horri gehitu behar zaio Green Capital Energyk Jesurin eraiki nahi duela beste parke eoliko bat, bost aerosorgailurekin. Gorobelen, ordea, Gaztela eta Leongo Diputazioa da bi parke eolikoren sustatzailea.