Jesuriko zentral eolikora beste egitasmo berri bat batu da Orozkoko udalerrian. Hain zuzen, Delta Power enpresak komunikatu dio Udalari beste parke eoliko bat eraikitzeko lanean ari dela eta horretarako herriko sei lursail beharko dituela.
Egitasmo horrek hamaika errota izango lituzke; horietako zortzi Orozkon egongo lirateke eta gainerakoak Zeberion. Hain zuzen, erroten ilara Untzuetan hasiko litzateke, Zeberioko bidean.
Delta Power konpainiak energia berriztagarrien esparruan garatzen du bere jarduera, baina bere bazkideen artean daude Repsol, Iberdrola, Indra, Endesa, Mobil, Cepsa edota Acciona.
Printzipioz, Delta Power enpresak aipatu dio idatziz Udalari azaldu nahi dituztela euren proiektuak, jakiteko euren interesekoa ote den. Hala ere, Orozkoko Udalak aurreratu dio Delta Poweri bere jarrera kontrakoa izango dela, Jesuriko kasuan bezala.
Edonola ere, gogoratu beharra dago ez dagoela tokiko erakundeen esku horrelako proiektuei ezezkoa ematea, Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak bultzatutako Goi-mailako interes publikoko lege aldaketaren ondorioz.
Zentrak eoliko berri horrekin lau izango lirateke Aiaraldean eraiki nahi dituzten mota horretako azpiegiturak, bi Orozkon eta beste bi Gorobelen.