Laudioko Suhiltzaileen Parkeko zuzendariak baliabide faltari buruz mintzatu dira gaur Batzar Nagusietan

Jone Gartzia Gerra 2023ko urt. 12a, 14:26
Aiarako suhiltzaileak kezkatuta daude oposizio bateratuen emaitzengatik eta baliabide faltagatik. / Aiaraldea.eus

Elkarrekin Podemos-IUk eskatuta, Aiaraldeko Suhiltzaileen Parkeko sei dotazio-buruak Lurralde Orekako Batzordera joan dira gaur, parkearen egoeraren berri ematera. Inma Basterra foru diputatua ere bertan izan da azken LEP bateratuarekin izandako arazoen inguruko azalpenak emateko.

Gaur -urtarrilak 12-, Lurralde Orekaren V. Batzordea izan da Arabako Batzar Nagusietan. Bertan, Elkarrekin Podemos-IUk eskatuta, Aiarako Suhiltzaile Parkeko sei dotazio-buruak izan dira parkearen egoeraren berri ematen. Laudioko Parkeko zuzendariek azaldu dute “ez dutela giza baliabide ezta baliabide material nahikorik”. Aurretik salatu duten bezala, gaur egun suhiltzaile bakoitzak 1.533 pertsona artatzen ditu eskualdean. “Egoera horrek arriskuan jartzen ditu profesional horiek, baina baita zerbitzuaren kalitatea eta herritarrak ere”, ondorioztatu du Elkarrekin Podemos-Araba taldeko bozeramaile David Rodriguezek.

Ondoren, batzorde berean, Inma Basterra foru diputatuak hartu du hitza gaiari erantzuteko. Kontuak eman ditu Arabaren eta Gipuzkoaren arteko LEP bateratuarekin izandako arazoak argitzeko. Izan ere, Eusko Jaurlaritzak lehen aldiz kudeatu zuen LEP bateratua Arkauteko Polizien Euskal Akademiaren bidez eta, profesionalek kezka azaldu zuten probak ez omen zirelako egokiak izan “ganorazko suhiltzaileak hautatzeko”.

Aiarako suhiltzaileek 2022ko azaroan azaldu zuten oposizio bateratuen inguruko kezka eta abenduan Laudioko parkeko baliabide falta salatu zuten.

Elkarrekin Podemos-IUk ohar bidez azaldu duenaren arabera, “hautaketa-parametroak erabat aldatu zituzten, azterketa psikoteknikoak eta nortasunekoak lehenetsita teoriaren edo euskararen aurretik”. Taldeak salatu du Eusko Jaurlaritzak eta Aldundiak proba “alde bakartasunez” diseinatu zutela, "langileen irizpidea kontuan hartu gabe eta modu ilunean”.

“Suhiltzaileen zerbitzu publiko forala ezinbestekoa da herritarren segurtasunerako, eta ezin da langileen gaitasunei eragiten dien erabakirik hartu, ezta zerbitzuaren beraren aurka ere”, adierazi zuen David Rodriguez taldeko bozeramaileak mozio batean. Testu horrek proposatzen zuen Arabako Parlamentuak Foru Aldundiari eskatzea “egoera hori ez errepikatzea, gai horretan duen erantzukizuna bere gain hartzea eta herritarrek azterketa euskaraz egiteko dituzten hizkuntza-eskubideak betetzea”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide