Milioi bat euro bideratuko dute Aiaraldean turismoa sustatzera

Aimar Gutierrez Bidarte 2023ko urt. 30a, 15:30
Javier Hurtado sailburuak, Ramiro Gonzalez Diputatu Nagusiak eta Cristina Gonzalez turismo diputatuak hartu dute parte aurkezpenean. / Aiaraldea.eus

Akordioa sinatu dute gaur goizean Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak Laudioko Kasinoan egindako ekitaldian, Aiaraldean turismoa sustatzeko ekintza plana abian jartzeko. Milioi bat euroko inbertsioak aurreikusi dituzte hainbat egitasmo abian jartzeko.

Eskualdeko eragile kultural eta turistikoen eta udal ordezkarien aurrean aurkeztu dituzte Aiaraldean turismoa sustatzeko ekintza plan integral berriaren nondik norakoak. Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak sinatu dute lankidetza hitzarmena, eta aurkezpenean izan dira Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko Sailburua, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusia eta Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza Eta Turismo Sustapenerako Foru Diputatua.

Egitasmoa iragan urtean onartutako Aiaraldea Eskualderako berehalako jarduera-planaren barruan kokatuta dago. Adostutakoarkein aurrera jarraitzeko urrats bezala definitu du gaur aurkeztutako akordioa Ramiro Gonzalezek. 

Zortzi lan-lerro

Aiaraldeko eskaintza turistikoa bateratu eta bisitariak erakartzeko jarduerak jaso dituzte planean, hainbat eragile eta sektoreren arteko harreman eta lankidetza ardatz. Aurkeztutako plan estrategikoa zortzi ekintza berezitutan banatu dute. Orotara, milioi bat euroko inbertsioa ekarriko dute ekintzek, eta Cristina Gonzalez diputatuak aletu ditu hauek:

  • Turismo sektorea sustatzeko ekintzak: Zuzeneko publizitatea, familiarizazio bidaiak agentziekin eta komunikabideekin, ekitaldiak edota kanpaina digitalak. 100.000 euroko inbertsioa.
  • Txakolinaren ibilbidea: Turismo produktua hobeto ezagutzeko eta merkaturatzeko ekintzak, teknologia berriak kontuan hartuta, eta bisitariak erakartzeko jarduerak eta ekitaldiak antolatzea. 200.000 euroko inbertsioa.
  • Artisautzako ibilbide gastronomikoa: Aiaran artisau eran egindako gaztaren eta beste km.0 produktu batzuen balioa nabarmenduko duen eskaintza turistikoa antolatzea. 150.000 euroko inbertsioa.
  • Museoen sarea: Museo sare bat eta museo eskaintza integratu bat egituratzea, hedapen tresnen bidez eta gaikako ekitaldiak eta jardunaldiak antolatuz. 100.000 euroko inbertsioa.
  • Dorretxeen ibilbidea: Aiarako dorretxeen ibilbidea prestatzea, eskualdeko udalerrietan eraikitzen diren mota horretako eraikin historiko ugarietatik abiatuta: inbentarioa, balioa ematea eta zabalkundea. 50.000 euroko inbertsioa
  • Kexaako monumentu multzoa: Kexaako Monumentu Multzoari bisiten eta jarduera osagarrien eskaintza ematea, gune hori tokiko historiari lotutako baliabide turistiko gisa garatu eta sendotzeko. 330.000 euroko inbertsioa.
  • Ekitaldi bereziak: Eskualdeko baliabide turistiko nagusiekin lotutako ekitaldi bereziak antolatzea; hala nola, kontzertuak, antzerkiak edota bestelako ikuskizunak. 50.000 euroko inbertsioa.
  • Marka turistikoa: Eskualdea bereiziko duen eta bisitariek ezagutu ahal izango duten marka turistiko propioa diseinatzea eta abian jartzea, aldez aurretik konpetentzia diagnostikatu eta aztertu ondoren. 20.000 euroko inbertsioa.

"Aiaraldearekiko konpromisoa"

Ramiro Gonzalez Diputatuak balioan jarri du Arabako Foru Aldundiak eskualdearekin duen konpromisoa, "Aiaraldetik inoiz baino gertuago" daudela nabarmenduz. Azken asteetan aurkeztutako egitasmoak jarri ditu horren adibide; hala nola, start-upak sortu, erakarri eta azeleratzeko 'Aiara Industrial Lab' zentroaren sorrera, edota eskualdeko udalerriak lotuko dituen Nerbioiko Parke Linealaren proiektuaren amaiera. "Aiaraldeak eskatzen dituen lehentasunei erantzuteko erakundeen arteko kolaborazioaren adibide dira, eskualdeko izaera industriala indartu eta herritarrak konektatzeko helburu argiarekin", azaldu du Gonzalezek.

Halaber, Aiaraldea "industria bakarrik ez dela" azpimarratu du Diputatu Nagusiak, eta abian jarritako plan-integrala horren erakusle dela adierazi du, Aiaraldeak duen "turismo potentziala" zukutzeko. "Aiara beira, hodia eta trenbideak baino gehiago da. Kultura eta natura ondarea da: Garobel mendilerroa, Ermualde, txakolina, zinema eta literatura da; nahikoa da ikustea aiarar bat izango dela hurrengo Berlinalen. Hori guztia eta gehiago da Aiaraldea, eta Arabako Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren konpromisoa da haren balioa nabarmentzea eta bultzatzea”, aldarrikatu du Ramiro Gonzalezek.

Halaber, Kexaako monumentu historikoan jarri du arreta Diputatu Nagusiak. Arabako Foru Aldundiak berriki erosi du eraikina, "Kexaako monumentua arabarrei itzuliz", Gonzalezen hitzetan. Erosketa Aiaraldea Eskualderako berehalako jarduera-planetik kanpo badago ere, "urratsak bide berdinenan" ematen dituela azaldu du Diputatu Nagusiak, eta nabarmendu du Aiaraldeko turismoaren motor nagusietako bat dela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide