Duela bi aste hasi ziren Laudioko Zumalakarregi etorbideko bidegorria kentzeko obrak, anbulatorioaren paretik hasita. Obras y Servicios Basauri SL enpresa ari da horretan, 76.069,63 euroko aurrekontuarekin (BEZ gabe), eta bi hilabete izango ditu guztira lanak egiteko.
Modu horretan, bidegorria kendu eta alboko espaloiaren antzeko zoladura bat jarriko dute.
Laudioko Udalak iaz jakinarazi zuen bidegorria kentzeko asmoa zuela, errepidetik txirrindulak joateko bideak margotu zirenean. Tokiko erakundearen arabera, aurrerantzean txirrindulariek errepidetik joateko aukera izango dute herrigune osoan, autoen abiadura 30 kilometro ordura mugatu delako zonalde horretan. Hala ere, Udalak Aiaraldea Komunikabideari bere unean jakinarazi zionez, berez ez da debekatuta egongo txirrindularekin espaloitik joatea, "oinezkoen abiduran egiten bada".
Modu batean edo bestean, erabakia polemikoa izan da, eta aldeko zein aurkako iritziak azaleratu ditu.