Laztana Laztana musika proiektuko kideek Faktoria bisitatuko dute bihar (apirilak 14, ostirala), 19:00etan. Solasaldi musikatua eskainiko dute, Aiaraldea Komunikabideko kideen galderei erantzunez.
Sarrera libre eta doakoa izango da, eta Internet bidez ere jarraitu ahalko da emanaldia, Aiaraldea.eus atarian edota komunikabidearen YouTube eta Twitch kanaletan.
Sandra Vargas bakarlariak sortu du Laztana Laztana proiektua, baina Karla Velarde Castro bibolin jole amurrioarra du bidelagun. Duela gutxi plazaratu dute lehen abestia, eta laster ekingo diote kontzertuak eskaintzeari. Horrez gain, saria eskuratu dute Durangoko Abesti Feministen V. Lehiaketan. Horri guztiari buruz hitz egingo dute biharko solasaldian.