2.159.125 euro utziko ditu Aiaraldean Europar Batasuneko eraikin publikoen birgaitea sustatzeko programak. Zehazki, Laudiora, Arrankudiaga-Zollora eta Artziniegara helduko da dirua. Laguntza lerroa Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioak bideratuko du eta eraginkortasun energetikoa hartzen du aintzat. 2026ko martxoaren 31rako bukatu beharko dituzte lanak udalek, beranduenez.
Laudioko nagusien egoitzako obrek 2,2 milioi euro balioko zutela aurreikusi zuten 2018an, baina litekeena da prezioa aldatzea proiektua eguneratzean. Arabako Foru Aldundiak 600.000 euroko ekarpena adostu zuen, Obren Foru Planaren barruan, baina Laudioko Udala saiatuko da finantzazio gehiago eskuratzen. Europatik 1.134.088,79 euroko ekarpena izango du.
Arrankudiaga-Zolloko Oxinburu eraikinak erabilera sozialak eta kulturalak hartuko ditu. 1.317.859,59 euroren truke abiatu zituzten lanak eta laster amaituko dituzte. Txutxi Ariznabarreta alkateak azaldu zion Aiaraldea Komunikabideari obrak ordainduta daudela, hortaz, jasoko dituzten 673.329,14 euroek eragin positiboa izango dute udal aurrekontuetan.
Azkenik, Artziniegako Kultura Etxeko birgaitzeak 351.708,16 euroko laguntza izango du. Lizitazioa atera zuen Udalak martxoan, 1.563.332 euroko aurrekontuarekin (BEZ barne).