Atzo egin zuen Amurrioko EH Bilduk hauteskundeetako ekitaldi nagusia. San Anton plazan muntatu zuten eszenatokia. Aurkezlearen sarreraren ostean, Jon Berganza Urruela izan zen hitza hartzen lehena. Amurrioko alkategaiak eskualdeko gainontzeko zerrendaburuei luzatu zien oholtzara igotzeko gonbita. Ondoren, ziurtatu zuen "inoiz baino prestatuago" daudela Aiaraldean hauteskundeei aurre egiteko.
"Azken lau urteetan hainbat ekimen jarri ditugu martxan eskualdean. Horietako bat eta, agian, garrantzitzuena, Aiaraldea Biziberritzeko Plana izan da", azaldu zuen Berganzak, eta nabarmendu zuen EH Bilduri esker iritsi direla inbertsio plan horren 27 milioi euroak. Horri lotuta, alkategaiak ziurtatu zuen EH Bilduren proiektuak "Aiaraldearen etorkizuna" duela ipar, "pertsonen bizitzak zaintzea helburu".
Jon Berganza, Amurrioko alkategaia: «Inoiz baino indartsuago eta inoiz baino prestatuago gaude Aiaraldean aldaketarako».
— EH Bildu (@ehbildu) May 15, 2023
Artziniega, Urduña eta Arrankudiagaz gain, Amurrio eta Laudiora ere hedatuko dugu gobernantza eredu berria: errezeta zaharrek ez dute balio.#EgingoDugu pic.twitter.com/IgDNdxmb65
Eva Lopez de Arroyaberen hitzartzea
Eva Lopez de Arroyabek hartu zuen hitza jarraian. Arabako Ahaldun nagusia izateko hautagaiak aipatu zuen azken lau urteak zailak izan direla koronabirusa dela eta, baina Aiaraldean "plus" bat gehitu zaiola pandemiari, "enpresak ixteko mehatxuen" eskutik. Horri lotuta, zonaldean azken urteetan egondako langile borrokak goraipatu zituen Arroyabek, Tubacex, Valvospain, BM edota Madres Mercedariaseko lan gatazkak aipatuta. Era berean, elkartasun hitz batzuk eskaini zizkien baita Galder Barbado eta Aitor Zelaia gazte auziperatuei.
Ondoren, azken egunetan EH Bilduren aurka garatutako "kanpaina zikina" kritikatu zuen, benetako arazoez ez hitz egiteko diseinatua dagoela iritzita. Gauzak hala, "aurrera begiratzeko" deia luzatu zuen.
Oskar Matuteren hitzartzea
Oskar Matutek itxi zuen ekitaldia. Tubacexeko greban Amurrioko piketera eginiko bisita oroituaz hasi zuen bere hitzartzea. "Hemen, Tubacexeko langileen artean, sentitu nuen mataitasuna, errespetua eta esker hona, edonori gustatuko litzaiokeena bizitzan behin izatea langile klaseko kideen eskutik". Horri lotuta, nabarmendu zuen Aiaraldea "borrokaren eta klase kontzientziaren" adibidea dela, "Amurrioko Udalean, Laudioko Udalean eta Euskal Herriko udaletxe guztietan jarri nahi duguna, hain zuzen".
Arroyabek esandakoari jarraiki, EH Bilduren aurkako kanpaina ere salatu zuen Matutek, nabarmenduta eskuin muturrak sustatu arren, beste sektore batzuek ere bat egin dutela. Ildo horretan, "kaikudun ayusozaleak" daudela nabarmendu zuen bozeramaileak, eta ziurtatu zuen maiatzaren 28an faxismoa "botoen bidez" garaituko dutela. "Herriko jendea gara eta ez dugu posturik zain inongo administrazio kontseiluetan. Tresna bat gara herriaren eskuetan, har ezazue".