Elkartasun keinu ugariren artean epaitu dute Tubacexeko bigarren auziperatua

Txabi Alvarado Bañares 2023ko eka. 15a, 19:07

Hainbat ertzainek deklaratu dute Gasteizko epaitegietan. Fiskalak akordio bat eskaini dio auziperatutako langileari, baina honek epaiketarekin aurrera jarraitzea erabaki du. 

Dozenaka lagun bildu dira gaur goizean Gasteizko epaitegien aurrean, epaiketa izan duen Tubacexeko langile auziperatuari elkartasuna adierazteko. Behargina 9:45ak pasata sartu da Justizia Jauregira bere abokatuekin, txalo eta animo oihuen artean. 

Tubacexeko langileez gain, eskualdeko zein Gasteizko hainbat herritar ere batu dira elkarretaratzean. Baina babes keinu bereziena askoz urrunagotik iritsi da, Cadizetik (Andaluzia), hain zuzen. Bertako metaleko sektoreko bi ordezkari sindikal bertaratu dira mobilizaziora, pankarta propioarekin. Modu horretan eskertu nahi izan dute Tubacexeko langileek Cadizeko metalaren greban bertaraino eginiko elkartasun bidaia: 

Akordio proposamena

Auziperatutako langileak Aiaraldea Komunikabideari adierazi dionez, akordio proposamena jaso du fiskalaren aldetik, epaiketa hasi baino lehen. Zehazki, akusazioa autoritatearen aurkako atentatu delitutik erresistentzia delitura jaistea proposatu diote beharginari, baina honek epaiketarekin aurrera jarraitzea erabaki du, absoluzio soilik onartuko duelako. Langileaz eta bere lekukoez gain, hainbat ertzainek deklaratu dute epailearen aurrean, eta epaiaren zain geratu da auzia. 

Gaurkoa izan da Tubacexeko greba mugagabea dela eta egiten den bigarren epaiketa. 2022ko azaroan Aintzane Mendia epaitu eta absolbitu zuten. Datorren irailean, aldiz, eskualdeko 3 langile gazte epaituko dituzte, 4 urte eta 7 hilabeteko kartzela zigor eskaerekin.

Horrez gain, beste bi pertsona daude epaiketaren dataren zain. Orotara, 20 urte baino gehiago eskatu dituzte kartzela zigorretan, igandean Laudioko Tubacexeko lantegiaren aurrean eginiko agerraldian nabarmendu zutenez: 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide