Absolbitu egin dute Aintzane Mendia. Tubacexeko beharginak astelehenean izan zuen epaiketa, Tubacexeko greba mugagabeko gertakari batean “erresistentzia eta autoritatearen aurkako atentatua” egitea leporatuta.
Epaileak ez du probatutzat jo Tubacexeko behargina polizia bat astindu izana. Sententziaren arabera, epaiketan aurkeztutako probak ez dira nahikoak akusatuaren errugabetasun-presuntzioa ezbaian jartzeko.
Bideoak, funtsezkoak absoluzioan
Horrez gain, defentsak aurkeztutako bideo grabaketen egiazkotasuna baieztatu du sententziak.
Epaileak uste du, "zalantzarik gabe", Aintzane Mendia dela bideoan agertzen dena, “paper bat eusten”, eta bere aurrean salaketa jarri duen polizia ikusten dela.
Gaur Aintzane Mendia Tubacexeko langilearen epaiketa izan da. Beharginak bere errugabetasuna aldarrikatu du, besteak beste, bideo honekin. Bere ustez, argi ikusten da Ertzaintza ados jarri zela bera atxilotzeko (kamara moteleko zatian) eta ez zela erasorik egon bere partez. pic.twitter.com/SRv93cLx0Z
— Aiaraldea.eus (@aiaraldea) November 7, 2022
Hala dio zehazki sententziak: "Irudietan ez da ikusten ez astindu ez kolperik agentearekiko akusatuaren partetik. Ikusten dena da une batean emakumeak besoak jaisten dituela, borra batekin jasotzen duen kolpearen ondorioz, eta segituan besoak aurrera eramaten dituela. Baina ezin da ziurtatu borondatezko jokabidea denik, ez delako argi ikusten emakumea nahita botatzen den agentearen aurka, bere atzean dauden pertsonen bultzadaren ondorioz desorekatu ondoren doan berarengana edo, besterik gabe, atxilotzen duen agenteak berak trakzionatzen duen".
Hori da, hain zuzen, Mendiak epaiketan deklaratu zuena: kartel bat eusten ari zela borra kolpe bat jaso eta arrastaka eraman zutenean.
Ertzainek eginiko akusazioen aurrean, aldiz, epaileak gogorarazi du poliziaren lekukotzek ez dutela "egiazkotasun presuntziorik": "Euren lekukotzak, beste edozein lekukorenak bezala, sinesgarritzat hartu beharko dira euren irmotasunagatik, koherentziagatik, kontraesanik ez egoteagatik eta kausan dauden datu objektiboekin bat etortzeagatik".
Eta epailearen aburuz, bideoek "erabat baztertzen dituzte" poliziak eginiko zenbait adierazpen. Era berean, sententziak zalantzan jartzen du baita Mendiak erresistentzia erakutsi izana, bideoetan ikusten delako Tubacexeko langilea epaitegiko hesian eserita dagoela (behin atxilotuta), poliziekiko oposiziorik erakutsi gabe. Gauzak hala, Epaitegiak "arrazoizko dudak" ditu Fiskaltzak eskainitako bertsioaren inguruan, eta horregatik erabaki du Amurrioko bizilaguna absolbitzea.
Hala ere, auzia ez dago guztiz itxita oraindik. Fiskaltzak 10 eguneko epea dauka helegitea jartzeko. Ikusteke dago egingo duen.