4 urte eta 7 hilabeteko kartzela zigor eskaera Tubacexeko greban auziperatutako hiru gazterentzat

Txabi Alvarado Bañares 2022ko abu. 3a, 07:00

Ertzaintzak hainbat langile zauritu zituen 2022ko martxoaren 25ean. / Maddi Isasi Azkarraga

Desorden publikoak eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatzen die fiskaltzak. Epaiketak oraindik ez du datarik. 

4 urte eta 7 hilabeteko espetxe zigor eskaerari egin beharko diete aurre Aiaraldeko hiru gaztek, Tubacexeko grebako pikete batean parte hartzeagatik. 

Zehazki, 2021ko martxoaren 25ean Tubacexeko Saratxoko piketean jazotako gertakariengatik epaitu nahi dituzte hiru aiaralderrak. Grebalariek suzko barrikada osatu zuten goiz hartan fabrikaren sarreran, eta Ertzaintzak bi aldiz kargatu zuen, borrak eta foam balak baliatuta, hainbat pertsona zaurituta:

Fiskaltzaren arabera, auziperatutako hiru gazteek “batera eta adostasunez” jokatu zuten egun hartan, identifikatu gabeko “500 pertsona inguruk” lagundurik eta “bake publikoa asaldatzeko helburuarekin”. 

Gauzak hala, desorden publikoak eta autoritatearen aurkako atentatua leporatzen diete hirurei. Lehen delituagatik 2 urte eta 10 hilabeteko kartzela zigorra eskatzen du fiskaltzak; eta urte 1 eta 9 hilabetekoa, aldiz, bigarrenagatik. Horrez gain, hiru ertzainei 756 euro ordaintzea ere eskatu diete gazteei (252 euro polizia bakoitzari), “eragindako lesioengatik”. 

Era berean, fiskalak hiru gazteen gain jarri nahi ditu egun hartan Ertzaintzaren materialek (ezkutuak eta botak aipatzen dira dokumentuan) eta Tubacexeko zuzendaritzaren autobusek pairatutako kalteak, baina gaineratzen du oraindik ez duela horien kostuaren gaineko informaziorik jaso poliziaren eta autobus enpresaren partetik.  

Arabako Auzitegi Probintzialean izango da epaiketa, baina oraindik ez dago data finkatuta. Abokatuek Aiaraldea Komunikabideari jakinarazi dietenez, prozedura hainbat hilabetez luzatu daiteke. 

Aiaraldea Komunikabideak auziperatutako gazteetako bati egin zion elkarrizketa iaz. Bere ustez, ez da kasualitateta gertatu dena: “Grebaren hasieratik joaten nintzen piketeetara eta ezagutzen ninduten (poliziek). Nire iritzia da, ikusita langileen aurka ezin dutela ezer egin, babesten daudenon aurka jo dutela, elkartasuna jaso ez dezaten. Bidali nahi duten mezua da langileak babesteak ondorio negatiboak dituela”. Horrez gain, gazteak erantsi jipoi ugari jaso zituela Saratxon Ertzaintzaren partetik, eta ez zela izan kolpatu zuten lehen eguna.

Epaitegiko gertakariak

Saratxoko piketeko gertakariak izan eta aste batzuetara, polizia bertaratu zen auziperatutako gazteen etxeetara, salatu zituztela eta ikertuak izaten ari zirela jakinarazteko. Hiru herritarrak 2021eko ekainaren 17an igaro ziren epailearen aurretik, Amurrion:

Dozenaka langile bildu ziren orduan auzitegiaren aurrean, eta bertaratutakoen aurka oldartu zen Ertzaintza, hainbat langile zaurituz eta horietako bat (Aintzane Mendia amurrioarra) atxilotuz. Arrastaka eraman zuten behargina, eta eskuan fisura eta bizkarrean lesioa eragin zioten, Mendiak berak salatutakoaren arabera. Berari ere autoritatearen aurkako atentatua leporatu zioten horregatik, eta udazkenean izango du epaiketa. 

Ertzaintzak lau langile atxilotu zituen guztira iaz Tubacexeko greba mugagabearen testuinguruan, eta auziak irekita daude oraindik. Horrez gain, "isun oldea" jaso dutela salatu dute langileek.  

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide