Tubacexeko grebalarien aurkako epaiketa azaroaren 10era atzeratu da, baina batek akordioa lortu du

Aitor Aspuru Saez 2023ko urr. 11a, 14:45

Akusatuetako batek 4 hilabeteko espetxe zigorra eta isun ekonomikoa onartu du. Beste auzipetua, ordea, azaroaren 10ean itzuli beharko da epaitegira bere errugabetasuna defendatzeko.

Gaur 11:15ean Tubacexeko bi grebalarik epaiketa zuten Gasteizko Justizia Jauregian, baina bi ordu baino gehiago itxaron ostean, bertan behera geratu da. Dena den, langileetako batek fiskaltzarekin eta akusazio partikularrarekin akordioa lortu du eta 4 hilabeteko espetxe zigorra -ez da kartzelan sartu behar, ez baititu aurrekaririk eta bi urte baino gutxiagoko zigorra da- zein isun ekonomikoak onartu ditu. Zehazki, 4.340 euro eta 490 euroko kalte ordainak jasoko dituzte bi ertzainek eta 30 eguneko 5 euroko zigorra ere izango du. 

Nabarmendu beharra dago auziperatu horren kontrako bi akusazio zeudela, 14 hilabeteko espetxe zigorrekoa fiskaltzaren aldetik eta 3 urte eta 10 hilabetekoa akusazio partikularraren aldetik. Atentatua eta lesio delituak leporatzen zizkioten.

Epaiketa bertan behera

Beste grebalaria, ordea, azaroaren 10ean itzuli beharko da Gasteizko epaitegira 14 hilabeteko kartzela zigorrari aurre egiteko. Bere kasuan, fiskalak argudiatu du ezinbesteko bi lekuko -alegia, langilea atxilotu zuten bi ertzainak- ez dituztela deitu "akats" baten ondorioz.

Auzipetuaren abokatuak, ordea, oso haserre erantzun dio eskaerari, bere ustez, ez baita akatsik egon, baizik eta fiskalak ez duela bere lana ondo egin: "Ez dago agenteen zenbakietan transkripzio okerrik. Gertatu dena da ez dituztela deitu. Duela urtebete baino gehiago hasi zen prozesua eta denbora egon da soberan epaiketa prestatzeko".

Edonola ere, epaileak onartu du fiskalaren eskaera eta bertan behera utzi du epaiketa.

Aipatu beharra dago hau Tubacexeko grebari lotutako bigarren epaiketa atzeratua izango dela. Izan ere, hiru gaztek irailaren 18an zutena bertan behera geratu zen huts egite administratibo baten ondorioz.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide