2021eko otsailaren 23an Tubacexeko greba (gerora urrira arte luzatuko zena) agertu zen lehenengo aldiz hainbat hedabidetan, grebalariek prestatutako eserialdia liskarrekin, zauritu ugarirekin eta atxilotuekin amaitu baitzen.
Arratsaldean arrastatutako langilea ekainean epaitu ondoren, urriaren 11n helduko da beste bi langileen txanda. Beharginek akusazio bera jaso dute fiskalaren aldetik: 14 hilabeteko espetxe zigor eskaera agintaritzaren kontrako atentatua egiteagatik eta isun ekonomikoak lesioak eragiteagatik.
Akusazio partikularrak, ordea, zigor askoz gogorragoak eskatu ditu langileetako baten aurka: urte eta erdiko espetxe zigor bikoitza agintaritzaren aurkako atentatu bi egiteagatik eta bost hilabeteko zigor bikoitza erresistentziagatik, gehi kalteordainak. Guztira, 46 hilabeteko espetxealdia eskatzen dizkio ertzainen abokatuak, hau da, hiru urte eta hamar hilabete.
Elkartasuna
Langileak, edonola ere, ez dira epaitegira bakarrik bertaratuko. Izan ere, elkartasun elkarretaratzea deitu dute 10:30ean Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean, errepresioa salatzeko. Horrez gain, bi hitzordu zehaztu dituzte autoz joateko. 09:30ean batuko dira Latiorroko aparkalekuan (geltokiaren alboan) eta Amurrioko Telefonica eraikinaren parean.
Otsailaren 23, grebaren mugarria
Tubacex enpresako greban esanahi handiko eguna izan zen otsailaren 23koa. Izan ere, astebete baino gehiagoko lanuztearekin, gatazkak ez zuen izan berebiziko islarik eskualdetik at, nahiz eta 100 langile baino gehiagoren lanpostuak kolokan egon.
Gauzak horrela, egun horretan eserialdia antolatu zuten langileek eta protesta baketsuak liskarrekin amaitu zuen, bai goizean zein arratsaldean. Aipatzekoa da Ertzaintzak zauritu mordoa utzi zituela eta hiru atxilotu egon zirela guztira.
Sindikatuek poliziaren portaera salatu zuten moduan, ertzainek urrats bat harago eraman zuten euren jarrera eta Esan sindikatu polizialak exijitu zion Eusko Jaurlaritzari gomazko pilotak erabiltzeko baimena ematea.
Izan ere, otsailaren 23ko gertakariek arrakala handitu zuten beharginen eta Ertzaintzaren artean eta liskarrak eta errepresio neurriak (identifikazioak edota isunak) biderkatu ziren hortik aurrera.
Hirugarren epaiketa eta beste bat atzeratua
Edonola ere, hau ez da lan gatazkari lotutako lehen epaiketa. Izan ere, irailaren 18an beste bat egingo den (grebaren harira auziperatutako hiru gazteena), baina abendura atzeratu da azkenean. Horrez gain, beste bi behargin epaitu dituzte dagoeneko.
Hirugarren epaiketa izango da urriaren 11koa eta beste bat atzeratu zuten irailean
Lehenengo grebalariak 2022ko azaroaren 7an deklaratu zuen epailearen aurrean eta absoluzioa lortu zuen. Hain zuzen, epaileak zalantzan jarri zituen Ertzaintzaren bertsioaren hainbat puntu eta errugabetzat jo zuen Amurrioko lantegiko kidea. Poliziek emakumeari leporatzen zioten agente bat kolpatzea 2021eko ekainaren 17an Amurrioko epaitegien aurren egindako elkarretaratze batean.
Beste epaiketa aurten izan da, ekainaren 15ean, eta kasu horretan Laudioko beste langile batek 21 hilabeteko espetxe zigor eskaerari egin zion aurre. Ertzaintzak agintaritzaren aurkako atentatua eta erresistentzia leporatu zizkion, baina epaileak bakarrik eman zuen frogatutzat erresistentzia erakutsi zuela atxilotzen zuten bitartean. Hala ere, Tubacexen lan egiten duen laudioarrak helegitea aurkeztu du.