Tubacex taldeak Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalari aurkeztu berri dizkio azken hiruhilekoko emaitzak (uztailetik irailera bitartekoak) eta ezin positiboagoak izan dira inbertsoreentzat. Zehazki, 2022ko mozkinekin alderatuta, irabaziek gora egin dute %63,5ean. Etekinak, zergak ordaindu gabe, 38,9 milioi eurokoak dira.
Salmentak, guztira, 641,9 milioi eurokoak izan dira eta %21,8 hazi dira. Gainera, eskaeren zorroa 1.630 milioi eurokoa da. Horri esker, likidezia gaitasuna 204,4 milioi eurotan kokatu dute.
Merkatu konplexua geopolitikoki
Tubacexek goraipatu du bere gaitasun ekonomikoa, aintzat hartuta egoera geopolitikoa zein den (Ukrainako gerra, besteak beste). Halaber adierazi du bere estrategia bete-betean asmatu duela ekoizpena dibertsifikatuta.
Horrela, besteak beste, bere eskariek gora egin dute armagintzaren sektorean (Tubacexek "defentsa" eufemismoa baliatu du).
Asia ardatz
Tubacex taldea 14 herrialdera zabaldu da eta Asia jarri du bere jardueraren erdigunean, salmentetan islatzen dena:
- %42 Asian eta Ekialde Hurbilean
- %33 Amerika
- %21 Europa
- %4 Afrika
Horrez gain, ezin da ahaztu hodiak ekoizteko lantegi berria irekiko duela Tubacexek Abu Dhabin 2024an eta aste honetan bertan Alpha Dhabi Holdinga sartu dela operazioan, Arabiar Emirerri Batuen parte hartzea erosita.
2025eko plana berrikusiko dute
Aurreikuspen guztiak gaindituta, Tubacex taldeak iragarri du 2025erako osatutako plana berrikusiko duela. Aintzat hartu behar da plan horren harira erabaki zuela taldeak hainbat langile kaleratzea Laudion eta Amurrion. Orain, konpainiak mozkinak biderkatzen dituen bitartean, grebalari batzuk epaitegitik igarotzen ari dira.