Arabako Foru Aldundiak dirulaguntza eskainiko du Artziniegako eta Aiarako ikasleen igeriketa klaseen garraioa ordaintzeko

Aitor Aspuru Saez 2023ko aza. 6a, 16:16

Irailean egindako mobilizazioaren irudi bat. / Aiaraldea.eus

Arabako landa-eremuko Guraso Elkarteei begirako dirulaguntza da Foru Aldundiarena eta horrek eragina izango du Artziniegako Arteko Gure Ama Ikastetxean zein Etxaurren Ikastolan.

Hamaika buruhauste sortu ditu eskola garraioak ikasturtearen hasieran landa-eremuan. Lehenik eta behin, Eusko Jaurlaritzaren eta enpresen arteko adostasun faltak eragin zuen hainbat familia zerbitzurik gabe geratzea irailean. Arazo hori konpondu ostean, ordea, igeriketa klaseena etorri zen landa-eremuko ikastetxe publikoetara, Arabako Foru Aldundiak adierazi baitzuen ez zuela garraio hori bere gain hartuko.

Gauzak horrela, Arteko Gure Ama Ikastetxeko eta Etxaurren Ikastolako gazteek eskola ordutegitik kanpo jo behar zuten klase horiek hartzera, Aldundiak azaldu baitzuen eskola ordutegi barruko jarduera guztiak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren eskumenak zirela.

Dirulaguntza

Dena den, pasa den astean Arabako Foru Aldundiak jakinarazi zuen dirulaguntza sortuko duela eskolaz kanpoko jarduerak finantzatzeko. Horretarako, laguntza-lerro berria diseinatu dute Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamendu Sailak eta Kultura eta Kirol Sailak.

"Jakin badakigunez beharrezkoa dela inguruko beste udalerri batzuetara joatea kirol-jarduerak egin ahal izateko, betiere gure haurrek eta gazteek kirola egiteko duten eskubidea gailenduz, beren bizitzaren eta hezkuntzaren garapenaren funtsezko zati gisa, Guraso Elkarteei laguntzeko lerro berri hau sortzearen alde egin dugu, jakin baitakigu horrek eskola-orduetan eskola-kirola egitea erraztuko diela Arabako ikasleei", adierazi du Lurralde Oreka eta Lurralde Antolamenduko diputatu Anartz Gorratxategik. Izan ere, sail horen mende egongo dira laguntzak datorren urtean.

Guraso elkarteentzako buruhauste gehiago, baina albiste ona

Aiaraldea Komunikabideak eskualdeko Guraso Elkarte kaltetuenarekin jarri da harremanetan, Artziniegakoarekin, alegia.

Artziniegako gurasoek eskola ordutegitik kanpo egin behar zuten igeriketa ikastaroa, baina Arabako Foru Aldundiak ahalbidetuko duenez, eskola ordutegi barruan izango da azkenean.

Horrek aldaketak ekarriko ditu egungo planteamenduan, ostegun arratsaldetan eskatu baitzuten Amurrioko Kiroldegiko igerilekua. Dena den, familiek positiboki baloratu dute neurria.

Berez, konpondu gabeko hainbat arazo ekidingo dituzte ikastetxeari esker: ez dute begiralerik kontratatu beharko, adibidez.

Gurasoek azaldu dute dirulaguntzak bestelako prozedura ezarri duela -ikasleen aitek eta amek eta ikastetxeek kontratatu beharko dute autobusa eta gero finantzazioa eskatu-.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide