Urteak azken arnasa emango du igandean, eta herritarrak ere arnas gabe gera daitezke. Izan ere, elkarteek, tabernek eta udalek 40 ekintza baino gehiago antolatu dituzte eta etxean geratzeko aitzakiarik gabe utzi dute jende gehiena.
Umeentzako jarduerak
Haurrek herriz herri aritzeko aukera ugari izango dituzte. Esaterako, Artziniegan tailerrekin eta irteerarekin hasi dute eguna eta 19:00etan Errege Postariaren bisita izango dute parrokian.
Luiaondon haurrentzako parkea prest egongo da frontoian 16:00etatik aurrera eta Aretan 17:00etan antzezlan musikatua izango dute Kultura etxean. Laudion, gainera, Peio Rivas magoak emanaldia eskainiko du Kasinoan 19:00etan.

Bihar, Amurrion, irteera egingo dute 10:00etan plazatik zaborra biltzeko ibaiaren ingurutan eta animaliak ikusi eta ezagutzeko. Arrankudiagan, aldiz, hitzordu berezia izango dute, eskubaloi taldeko umeek eta gurasoek partida jokatuko dute eta. Zinema nahiago dutenek, Dounia eta munduko beste kontu batzuk pelikula proiektatuko dute Laudioko La Milagrosa Ikastetxean 17:00etan. Lehia handia izango du filmak, edonola ere, Errege Postaria herriko plazara helduko baita 17:30ean.
Aurrekanpaikadak eta urte amaierako jaia aurreratua
Abenduaren 31era arte itxaron ezin dutenek bi hitzordu izango dituzte eskualdean. Lehenik eta behin, Urduñan 19:00etan abiatuko dute Gabon Zahar Gau Aurreratuaren ospakizuna dantza, bingo eta DJekin. Kanpaien ikuskizunarekin eta Oihan Vegarekin amaituko dute jaia, 00:00etan.
Artziniegan ere aurrekanpaikadak egingo dituzte frontoian 00:00etan, baina 22:00etatik aurrera kalejira egongo da.

Bertso saioak
Bertsoak ere Aiaraldeko hainbat txokotara helduko dira. Gaur bertan Izorian egongo dira Izar Mendiguren, Manex Agirre, Andere Arriolabengoa eta Oier Arbina, 19:00etan.
Urduñara Amets Arzallus, Jone Uria, Oihane Iguaran eta Sustrai Colina bertaratuko dira bihar 19:00etan, punta-puntako bertsoak kantatzera.
Musikaz blai
Gabonetan falta ez den beste osagai oso garrantzitsua da musika. Esparru horretan, eskaintza burua galtzeko modukoa izango da, tokiko hainbat musikarik emanaldiak izango baitituzte. Goiatz Duttok, Eskolania Arte Onek, Santa Luzia abesbatzak, Bi Hotsak abesbatzak eta Artziniegako musikariek zuzenekoak eskainiko dituzte gaur eta bihar artean.

Horrez gain, Sorgin Tabernak hiru DJ emanaldi izango ditu jarraian eta bestelako soinuak ere egongo dira Laudion: Mariatxiak edota Rockalean elektrotxaranga kasu.
Nabarmentzekoa da bihar Orozko Rock jaialdiaren edizio berria aurkeztuko dutela eta Petti musikariak girotuko duela ekitaldia.

Kirola eta mendia
Ipurdia mugitu nahi dutenek ere izango dute non hautatu. Izan ere, atzo aipatutako lau San Silbestreak ez ezik, Aretan, Urduñan, Artziniegan eta Luiaondon mendi ibilaldiak antolatu dituzte iganderako. Baina, horrez gain, bola joko zita anitzak daude agendan. Hori guztia Mikel Landa, Aritz Arberas eta Pello Bilbaoren solasaldia ahaztu gabe.
Azokak
Oraindik ere opariak erosteko atakan daudenek bi hitzordu izango dituzte zain Laudion, Herri Azoka eta Urte amaierako azoka, larunbat eta igandean, hurrenez hurren.

Presoak gogoan
Urtero errepikatzen den beste ekitaldi bat da euskal preso politikoen aldekoa. Hilabeteko azken ostiraletako elkarretaratzeen txanda da gaur, baina igandean mosaikoa eta ohiko brindisa egingo dituzte Laudion 19:00etan, Batzalarrin kalean.
Aipatutako ekintza guztiak (eta gehiago) Aiaraldea.eus atariko agendan daude ikusgai.