Azken urteetan bezala, Aiaraldeko txirrindularitzako zaleek luxuzko hitzordua izango dute Gabonetan. Izan ere, Mikel Landak, Pello Bilbaok eta Aritz Arberasek hartuko dute hitza betetako ametsei buruz mintzatzeko.
Hirurak dira Bahrein Victorious taldeko kideak; Landa eta Bilbao txirrindulariak eta Arberas amurrioarra, aldiz, prestatzaile fisikoa. Ainara Hernando kazetariak izango du ardura solasaldia gidatzeko. Hain zuzen, parte hartzaileek ez dakite zehazki nondik joko duten eta bihar bertan adostuko dute euren artean edukia.
Horrelako aukerak ohitura bilakatu dira eskualdeko kirolzaleentzat, Artziniegako eta Amurrioko txirrindularitza elkarteek aspaldi antolatzen baitituzte horrelako topaketak. Zita horietan Mikel Landa eta Aritz Arberas aritzen dira ia beti eta Ainara Hernando Ciclismo a fondo aldizkariko kazetariak ere noizbait parte hartu du. Edonola ere, emakumezkoen diziplinari ere egin diote tartea beste urte batzuetan.