Modu hobezinean agurtu dute urtea Aiara Txirrindulari Elkarteko kideek. Abadiñora joan ziren Euskadiko Ziklokross Txapelketan indarrak neurtzera, eta hiru taldekidek lortu zuten txapeldun bilakatzea. Mirari Gotxi emakumezkoen kadeteen artean gailendu zen, Hodei Muñoz gizonezko jubelinen artean eta Andoni Etxebarri gizonezkoen Master30 kategorian.
Ion Egiak ere lasterketa ona egin zuen, 4. geratu baitzen, podiumaren atarian. Ibai Colmenero 16. postuan sartu zen metara, Mikel Lorente 30. postuan, Danel Gorostiaga 36. postuan eta Xabier Solaun 50. postuan.
Aiara Txirrindulari Elkarteko kideek oso positiboki baloratu dute Abadiñotik ekarritako uzta, denboraldia "bikaina" izan dela nabarmenduta. "Mirari Gotxik Bizkaiko Kopa, Arabako eta Euskadiko Txapelketak eta Euskal Federazioaren Challengea irabazi ditu", nabarmendu dute, "Ion Egia lasterketa guztietan borrokatu da eta Arabako Txapelduna izan da". Aurreratu dutenez, Gotxi zein Egia Espainiako Txapelketara joango dira, Euskal Selekzioak hautatuta.
Gauzak hala, Aiaraldeko txirrindularitza "sasoi onean" dagoela nabarmendu dute kirol elkarteko kideek, eta hori sustatzen jarraitu nahi dute hasi berri den urtean ere: "Txirrindularitzaren praktika bultzatzen Aiaraldean eta lasterketa onak antolatzen". Txapelketei dagokionez, uste dute klubeko 13 txirrindulariak lehen postuak lortzeko borrokan egon daitezkeela 2024an.