2023KO MUGARRIAK

Kimu berdeak sortu dira euskararen transmisioan

Aitor Aspuru Saez 2024ko urt. 9a, 18:08

Arrankudiaga-Zollo UEMAn sartzea izan da 2023ko mugarrietako bat euskararen alorrean.

Euskara polemiken erdian egon da 2023an, berriro ere epaileek bere normalkuntzaren kontrako erabakiak hartu dituztelako, baina ez dira hain begien bistakoak izan bere alde agertu diren beste ekimen batzuk.

Euskararen egoera kritikoan sakondu dute aurten ere epaileek bere erabilera gutxiesten duten zenbait epairekin eta horrek erantzunak piztu ditu tokian toki eta Euskal Herri osoan. Alegia, azaroan manifestazio izugarri jendetsua antolatu zuten euskalgintza eragile nagusiek horregatik. Dena den, mobilizazioen ostean jarritu zuten epaileen mespretxuak euskarari dagokionez, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak berretsi zuen iaz Ana Maria Martinez Varas epaileak erabakitakoa, hau da, Laudioko Udaleko funtzionario bati itzuli behar zitzaiola lana, nahiz eta exijitzen zen euskarazko jakintza ez izan. 

Dena den, polemikak ez dira beti kanpoan sortu, eta Amurrioko euskara teknikariaren plazaren desagerpenarekin hautsak harrotu ziren eskualdean, esaterako. Horrek guztiak, eta eragiten dituen alarmek maiz are gehiago lainotzen dute jadanik ilun dagoen paisaia eta itxaropenerako dauden kimu berde txikiak ikusezin bilakatu.

Orozko eta Aretako gurasoek, gazteek, Altzarrate Kirol Elkarteak... Hainbat lagun eta elkarte aritu dira buru-belarri 2023an aiasialdia, egunerokoa edota futbola euskaraz zipriztintzeko.

Izan ere, eskualdean azken urtean agertu dira zenbait egitasmo herritar, aiaraldearrek eurek bultzatuta, zeinek esku hartu nahi duten funtsezkoak diren esparrutan; hau da, aisialdian, kirolean eta familien artean.  Adibide garrantzitsua da Orozkon eratu duten guraso euskaltzaleen batzordea. Ekimenak euskararen arnasgune izan nahi du eta, horretarako, euskara hutsean familian aritzeko jarduerak antolatzen hasi zen apirilean.  Hain zuzen, gurasoek estrategikoa den ohituran aldaketa sustatu nahi dute, eta hezkuntza formala euskaraz eskaintzeaz gain, egunerokoan ere bultzatu nahi dute hizkuntzaren erabilera, tresna intimoa bilakatuta ere.

Aretako Gurasoek ere ekin diote ekintzak euskaraz antolatzeari eta Orbeko Etxean Euskaraske abiatu zuten Euskaraldian eta aurten ere luzatu dute, zeinbait ekintza prestatuta soilik euskaraz. Urduñan ere Gurasolagun ekimenaren bitartez 0 eta 3 urte bitarteko umeentzat jolas libreko aretoa prestatu dute hilean behin, Alondegian, euskara hutsezko aisialdia txikienen egunerokoan txertatzeko.

Kulturaren eta familien aisialdiaz gain, kirolaren eremuan ere indarrak jarri dituzte hizkuntza ohiturak eraldatzeko eta euskarara hurbiltzeko. Esaterako, Euskalgintza Kontseiluak agerraldiak eta jardunaldiak antolatu ditu kirola eta euskara uztartzeko beharra ikusarazteko eta klubei konpromisoak eskatzeko. Horietako bik, CD Urduñak eta Altzarrate Kirol Elkarteak, abiatu dute euskara plana osatzeko bidea jadanik. Plana indarrean sartu da berehala eta komunikazioa euskaraz areagotu dute kirol elkartean, bai entrenatzaile eta jokalarien artean, zein klubaren eta gurasoen artean.

Gazteek ere izan dute protagonismoa euskararen normalizazioaren alde eskualdean aurten egin diren ekimenetan.

Aiaraldeko zenbait gaztek ere urratsa egin eta bi ekimenetan parte hartu dute. Alde batetik, Gazte Euskaltzaleen Topaketa egin zuten Amurrioko Gaztetxean, Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluaren eskutik. Bestetik, abuztuaren 27tik irailaren 4ra bitartean Aiaraldea ibiliz euskarazko udaleku ibiltarian aritu ziren 14 eta 18 urte bitarteko dozena bat gazte. Eskualdeko hainbat txoko ezagutu zituzten (Etxaurren baseliza, Faktoria, zenbait mendi tontor...) eta azken egunak Zuhatzako irlan eman zituzten.

Erakundeetatik sortutako egitasmoak ere ez dira falta. Laudioko Udalaren Sorlasean programaren bidez antzezlana sortu zuten. Arrankudiaga-Zollon erabaki garrantzitsua hartu zuten eta UEMAn sartzea lortu zuten, aurten eskaera egin ondoren.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren web-gune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide