Serunion enpresak ez du eskualdeko hainbat ikastetxe publikoren jantokietako bazkariak prestatuko otsailaren 5etik aurrera. Errioxako enpresak EAEko 17 hezkuntza zentrotako janaria prestatzen du, eta asko Aiaraldekoak dira; Lamuza edota Okondo eskolak, esaterako.
Erabakia Eusko Jaurlaritzak eta konpainiak berak hartu dute, hedabideek adierazi dutenez. Gogoratu beharra dago catering zerbitzu hori ikertu zuela Hezkuntza Sailak, EAEko bost ikastetxetako bazkarian zizare larbak agertu ondoren.
Hori baino lehen, Lamuza Eskolako gurasoek salatu zuten janaria "ezin zela jan", umeen aburuz.
Eskualdeko beste ikastetxe batzuek, aldiz, nabarmendu dute zaporearen afera eztabaidagarria zela, baina ez zuela zentzurik egunero bazkariak Errioxatik ekartzeak.
Gauzak horrela, otsailaren 5etik aurrera beste enpresa batzuek prestatuko dute 17 ikastetxe horien janaria.
Nabarmentzekoa da Gure Platera Gure Aukera plataformak abenduan aldarrikatu zuela Urduñako Herri Eskolak baliatzen duen programa pilotua (ikastetxean bertan tokiko bazkariak prestatzean oinarritzen dena) zabaldu behar dela hainbat hezkuntza zentrora.