Datorren martxoaren 14an abiatuko da Korrikaren 23. edizioa Irundik, eta hilaren 22an iritsiko da Aiaraldera. Horri begira motorrak berotzeari ekin diote eskualdeko zenbait eragilek, Korrika kulturalaren barruan antolatutako jardueren bidez.
Aiaraldea Komunikabideak ere ekarpena egingo du ildo horretan, aste honetan bertan. Solasaldia egingo dugu asteazkenean -martxoak 6- Faktorian, 18:00etan, Korrika barrutik nolakoa den ezagutzeko. Horretarako, Korrikako furgonetan garai ezberdinetan aritu diren lau aiaraldear izango ditugu gurekin: Izar Mendiguren, Koldo Zabala, Irune Barrenenegoa eta Angela Rico. Euskararen aldeko ekimen erraldoi horren egunerokoa nolakoa den kontatuko digute, eta baita furgonetan gainean Euskal Herrian barrena bizitako anekdotak ere.
Solasaldia irekia izango da, baina aukera egongo da baita Internet bidez jarraitzeko ere, Aiaraldea.eus atarian edota Komunikabidearen Youtube edota Twitch kanaletan.
Jarraipen berezia
Solasaldi honekin hasiko da Aiaraldea Komunikabideak Korrikari begira egingo duen jarraipen berezia. Beste hainbat eduki plazaratuko ditugu datozen asteetan, eta martxoaren 22an bertatik bertara jarraituko dugu Korrikak Aiaraldean barrena egingo duen ibilbidea. Orain arte plazaratutakoak ikusteko, Korrika Aiaraldean atari berezia bisitatu dezakezue.