Bi urteren ostean, euskararen aldeko lasterketa erraldoiak Euskal Herriko kaleak hartuko ditu berriro aurki. Korrikaren 23. edizioak Irun izango du abiapuntu ostegun honetan, eta bi astez gelditu gabe aritu ostean Baionara iritsiko da datorren martxoaren 24ean.
Korrika ostegunean abiatuko den arren, motorrak aspaldi daude berotuta. Ugariak dira AEK-ko kideek, euskalgintzako beste hamaika eragilerekin batera, antolatutako ekimenak. Euskal diasporak ere ez dio hutsik egin hitzorduari, eta Korrikaren lekukoa eraman dute munduko hainbat txokotara.
Paris eta Brusela
Azken astean, besteak beste, Parisen eta Bruselan egin dute bat Korrikaren 23. edizioarekin, eta Aiaraldeko zenbait lagunek parte hartu dute ekimen horietan.
Parisen Lorea Ibañez amurrioarra izan da furgoneta gainetik Frantziako hiriburuko kaleetan barrena euskararen aldeko korrikalariak animatzeko ardura izan duena. Ibañezek urteak eman ditu Parisen bizitzen eta modu aktiboan parte hartu du bertako euskal etxean. Aurten, Korrika ospatzeko bueltatu da.
Bruselan ere euskararen alde korrika atera da bertako euskal komunitatea, Allende Solaun eta Aimar Sanjurjo laudioarrak tartean.
«Bruselan ere, Korrikaren alde!» https://t.co/yXEsudW5Wz
— naiz: (@naiz_info) March 10, 2024
Euskaltzale ugari bildu zen larunbat honetan Bruselan, Korrika ospatzera pic.twitter.com/qTA5hACVnL