Tubacexeko beste grebalari bat absolbitu dute, sei hilabeteko espetxe zigorra jaso ondoren ertzain bat erasotzeagatik

Aitor Aspuru Saez 2024ko mar. 15a, 14:10

Langilearen absoluzioa exijitzeko egindako elkarretaratzea. / Aiaraldea.eus

Jesus Alfonso Poncela Garcia epaileak erabaki du, lehenengo sententziak ez bezala, ez dagoela Tubacex enpresako grebalaria zigortzeko frogarik eta, ondorioz, absolbitu du. Beatriz Ledo Languilla epaileak sei hilabeteko espetxe zigorra eta bi isun ekonomiko ezarri zizkion azaroan. Poliziak bost eguneko epea dauka errekurtsoa aurkezteko.

Tubacex enpresako greban parte hartu zuen beste herritar bat absolbitu dute eta jadanik badira lau, epaitutako zazpien artean. Kasu honetan, azaroan zigortu zuten konpainiako langilea eta sei hilabeteko espetxe zigorra eta bi isun ezarri zizkion Beatriz Ledo Languilla epaileak, ustez, ertzain bat erasotzeagatik 2021eko otsailaren 23an, grebaren lehen istiluetan.

Aiaraldea Komunikabideak bertatik bertara jarraitu zuen epaiketa eta sententziaren hutsune guztiak adierazi zituen epaia argitaratu eta gutxira. Orain, martxoaren 12ko datarekin, Jesus Alfonso Poncela Garcia epaileak (akusatuaren helegitea baloratu duenak) aipatutako kontraesan guztiak azaleratu ditu bete sententzian eta ondorioztatu du ez dagoela frogarik grebalariaren kontra. Gauzak horrela, in dubio pro reo irizpidea baliatu eta absolbitu du.

Bideoak erabakigarriak izan dira

Helegitean bertan azaltzen duen moduan, Jesus Alfonso Poncela Garcia epaileak soilik argitu behar zuen zigortuak agentea benetan erasotu zuen, akusatuak ez baitzuen ukatzen greban eta mobilizazioan parte hartu izana. Horretarako, defentsak aurkeztutako bideoak eta deklarazioak aztertu behar izan ditu eta bere ondorioa argia izan da: 22166 ertzainak itxura sinisgarriko adierazpenak egin arren, grabatutako irudiek gezurtatzen dute berak esandakoa.

Hemen ikusi daiteke epaiketan aurkeztutako bideoa osorik:

Hori probatzeko, Beatriz Ledo Languilla epaileak bere sententzian adierazitako argudio guztiak desmuntatu ditu Garcia Poncelak.

Hasteko, epaileak nabarmendu du epaitzen ziren gertakari guztiak Ertzaintzak egindako lehen oldarraldian jazo zirela eta horiek guztiak grabatuta zeudela, Ledo Languillak iradokitakoaren kontra. Grebalaria zigortu zuen epaileak arrazoitu zuen erasoa ez zegoela islatuta bideoetan eta beste kronologia batean kokatu zuen, ikus-entzunezkoetatik kanpo.

Poncela Garciak, aldiz, poliziaren eta defentsaren deklarazioak hartu ditu eta ondorioztatu du lehen oldarraldian gertatu zirela kolpeak eta sekuentzia hori guztia grabatuta zegoela defentsak baliatutako bideoetan.

Ertzain baten hitza ez da nahikoa grabatutako gertakariekin kontraesanean badago

Lehen argudio hori ezeresean utzita, Poncela Garciak lehen oldarraldian jazotakoa xehetasunez birpasatu du bideoen bitartez eta azpimarratu du egia dela erasoa jasan zuela agenteak, baina ez akusatuaren aldetik.

"Grabaketa anitzek ahalbidetzen dute gertakarien sekuentzia osoa ikustea eta akusatua ez da agertzen ertzainak erasotzen", adierazi du epaileak.

Are gehiago, bideoei esker, epaileak azpimarratu du grebalaria gatazka eremutik aldendu zela, baina ez agenteetatik, behin istiluak bukatuta. Gainera, Ertzaintzak atxilotu zuenean ez zuela erresistentziarik egin aipatu du. "Bera erasotzailea izan balitz, bestelako jarrera aurreikusi zitekeen bere aldetik, agenteetatik aldenduta eta identifikatua eta atxilotua izateko arriskua ekidinda", idatzi du Jesus Alfonso Poncela Garciak.

Finean, epaileak berak azaldu duenez, "biktimaren deklarazioak eta froga dokumentalak (bideoek) agerian uzten dute identifikazioan erratu zela".

Zazpi akusatu, lau absolbitu

Tubacexeko greba luzearen harira, zazpi langile eta herritar epaitu dituzte, gehienak Ertzaintzak berak salatuta, agenteak erasotzeagatik. Horietatik lauk absoluzioa lortu dute. Aintzane Mendia enpresako langilea izan zen lehenengoa, iaz beste bi gazte (zazpi urteko espetxe zigor eskaera zuten-ak) eta azkena grebalari hau, lehenengo sententzian zigortu zutena.

Zigortutako beste hiru herritarren artean, bik akordioa adostu zuten eta hirugarrena atxiloketan erresistentzia egiteagatik zigortu zuten.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide