Atzo argitaratu zituzten Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeen behin betiko zerrendak eta, guztira, eskualdeko 18 lagunek parte hartuko dute deialdian.
Aiaraldear gehien izango duen taldea EH Bildu izango da. Koalizioak lau kide txertatu ditu zerrenda arabarrean: Bigarren postuan Eba Blanco, seigarrenean Lamia Arcas, hamazazpigarrenean Toni Barbado -Galder Barbadoren aita- eta hogeitabigarrenean Ainize Gastaka egungo Laudioko alkatea.
EH Bilduko Bizkaiko zerrendan, aldiz, Julen Arzuagak hirugarren postua hartu du eta Itziar Bigurik hamabigarrena.
EAJk, bere aldetik, lau jeltzale aiaraldear ditu. Arabarrak Ander Añibarro, Jonatan Moreno, Ainhoa Campo eta Eneritz Alonso okondoarra dira, hirugarren, bosgarren eta hamazazpigarren postuetan. Horrez gain, Josu Beaskoetxea Arrankudiagako herritarra hirugarren ordezkoa da Bizkaiko zerrendetan.
PSE-EEk ere tokiko lau herritar izango ditu, guztiak Araban. Jorge Juez zortzigarren da, Laura Fernandez hamaikagarrena, Itxiar Oribe hamabosgarrena eta Miguel Martin hamazortzigarrena.
Elkarrekin Podemos-Alianza Verdek bi ordezkari aiaraldear dauzka Arabako zerrendan. Alde batetik, Leticia Jimenez amurrioarra hirugarren doa, eta Araceli Jimenez Esquilas laudioarrak 26. postua dauka.
Sumar taldeak ere eskualdeko kide batekin parte hartuko du hauteskundeetan, Miguel Burdallo laudioarra da, hamahirugarren postuan.
Aipatu beharra dago iragan uztaileko Senaturako hauteskundeetan Leticia Jimenezek eta Miguel Burdallok batera parte hartu zutela Sumar taldeko zerrendan.
Azkenik, PPk Montserrat Canive sartu du Arabako zerrendetan, hogeitabatgarren postuan.