Francisco Javier Garcia Sanzek utzi egin dio Tubacexeko presidentea izateari. Hala jakinarazi du multinazionalak Balore Merkatuaren Espainiako Batzordera helarazitako prentsa ohar baten bidez, eta gaineratu du administrazio kontseiluak aho batez erabaki duela Manuel Moreu Munaiz hautatzea konpainiako buru berria izateko.
Tubacexeko presidenteordea izan da Moreu orain arte, eta esperientzia zabala du konpaniari eta bere estrategiari dagokionez. Horrez gain, energia sektorean aditua da, Iberdrolako kontseilaria baita, besteak beste.
Francisco Javier Garcia Sanzena ez da izan dimisio bakarra. Multinazionaleko auditoria- eta betetze-batzordeko presidente Gracia Lopez Granadosek ere utzi du kargua, eta Jose Toribio Gonzalezek ordezkatuko du.
Tubacexek ez du zehaztu dimisio horien zergatia. Francisco Javier Garcia Sanzek une delikatuan hartu zuen presidente kargua, 2021ko ekainean, Tubacexeko Aiaraldeko lantegiak greba mugagabean murgilduta zeudenean. Alvaro Videgaini hartu zion lekukoa, konpainiako buruzagi historikoari.