2021ean izan zen Zabaleko Eskolako borroka ziklo biziena, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Amurrioko San Jose auzoko zentro hori ixteko asmoa plazaratu zuenean. Erabaki hori ezerezean geratzea lortu zuten orduan hezkuntza komunitateko kideek, hainbat mobilizazio eta ekimen abiatu ostean.
Baina, itxiera arrisku zuzena ekidin duten arren, eskolako kideek uste dute Hezkuntza Saila apurka-apurka ari dela Zabaleko "heriotzera" eramaten. Hala salatu du Guraso Elkarteak, Hezkuntza Sailari eta Jokin Bildarratzi zuzendutako ohar baten bidez.
Gurasoek gogorarazi dute aurreko ikasturtean Jaurlaritzak familia bat Zabalekotik kanpo utzi zuela, "zaurgarria" zelako eta San Joseko eskolak "zaurgarritasun indizea" jada gainditzen zuelako. Eskola kontzertatu batera bideratu zuten familia horren matrikula eta, ondorioz, Zabalekoko 2-3 urteko ikasgela 18 matrikularekin geratu zen.
2-3 urteko ikasgela dagoen bezala mantentzearen ondorioz, Zabalekok egiturazko tutore bat gutxiago du orain, eskolako kideek salatu dutenez.
"Beraz, ikasgela hau ez da bikoiztuko, eta horrela matrikula gehiago izateko aukera galtzen dugu, osorik beteta egonik, ikasturte honetan bertan matrikulatu nahiko lukeen edozein familia beste zentro batera bideratuko bailukete, berez jada gertatzen ari den bezala", salatu dute oharrean, eta gaineratu dute aurreko ikasturtean jakinarazi ziotela hori Hezkuntza Sailari, baina honek "entzungogor" egin diela euren eskaerei.
Gainera, 2-3 urteko ikasgela dagoen bezala mantentzearen ondorioz, Zabalekok egiturazko tutore bat gutxiago du orain, eskolako kideek salatu dutenez.
Guraso elkarteko kideek "kezkaz" bizi izan duten gertakari hori, Eskola Publikoari "orokorrean eta zuzenean" eraso egiten diola uste dutelako. Gainera, beste arazo batzuk ere aipatu dituzte, jantokiko cateringarekin, eskola garraioarekin edota gisa baliabideen faltarekin egondakoak, besteak beste.
“Ikasle gutxi izatearen” argudioa
Horri lotuta, Guraso Elkarteak gogorarazi du "ikasle gutxi izatea" izan zela, hain zuzen, Zabaleko ixteko 2021ean jarritako arrazoietako bat; eta salatu dute Jaurlaritzak ezarritako neurriak direla, hain zuzen, ikasle kopurua handitzea eragozten dutenak, ikastetxea "heriotzara" eramanez. "Gogoratu nahi dugu 2023-2024 ikasturterako matrikulazioan oso datu onak lortu genituela zenbakitan; bai zenbatekoan, zein familien profilean. Baina, Hezkuntza Sailaren jarrerarekin, ez zaigu ematen ari ez handitzeko aukera ez eta ezagutzera ematekoarena ere".
Gauzak hala, Zabaleko itxi nahi izatearen "benetako arrazoiak" zeintzuk diren azaltzeko eskatu diote Hezkuntza Sailari.
Zabaleko hazi, Hezkuntzak galarazi#zabalekobizirik #euskaleskolapublikoa #eskolatxikiaasmohandiak pic.twitter.com/rv6wpqo0pR
— AMPA ZABALEKO IGE (@IGE_Zabaleko) October 3, 2023