Tren zerbitzuaren irisgarritasuna aldarrikatzeko baliatu dituzte Aiaraldeko pentsiodunek astelehenen honetako elkarretaratzeak. Laudio, Amurrio eta Urduñako tren geltokietara jo dute, eta erreklamazio kolektiboak tramitatu dituzte lehiatiletan, trenak irisgarriak izatea eskatuz.
Modu horretan, pentsiodunen mugimenduak bat egin du Maria Luisa Goikoetxea eta Itziar Moleresek duela zenbait aste zabaldutako deiarekin. Erreklamazioak egiteko deia zabaldu zuten martxoan bi urduñarrek, Renfek jarriko dituen tren berriak irisgarriak izatea eskatzeko. Amurrioko pentsiodunek handik egun batzuetara jo zuten udalerriko tren geltokira hori eskatzeko, eta berriro itzuli dira gaur.