Tubacexeko sindikatuek zuhurtziaz hartu dute Abu Dabiko lantegiaren %49aren salmenta 139 milioi euren truke

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 21a, 10:20

Iaz Abu Dabin sinatutako akordioaren irudia. / Tubacex

Atzo zabaldu zen Tubacex taldeak Abu Dabin duen faktoriaren %49 saldu diola inbertsio funts bati. Informazio ofizialik ez duenez, Langile Batzordeak tentuz hartu du albistea. Izan ere, Arabiar Emirerri Batuko lantegia ez dago funtzionamenduan oraindik.

Zenbait hedabidek atzo jaso zuten Tubacex konpainia multinazionalak Abu Dabin eraikitako lantegiaren %49ren erosketa ahalbidetu diola Mubadala Investment Company-ri, Arabiar Emirerri Batuko funts subiranoari, hain zuzen.

Zenbait kazetari modu baikorrean mintzatu ziren operazioari buruz eta aipatu zuten horrek agian inbertsioak ekarriko dituela Aiaraldeko lantegietara. Langile batzordeko ordezkarien artean, ordea, giroa ez da horren positiboa. Euren aburuz, inoiz ez da albiste ona enpresa baten desinbertsioa, erabakimen eskubidea ezezagun urrunen artean banatzen baita.

Horrez gain, eta azalpen gehiago izan gabe, sindikatuek ez dute 139 milioi euro horiek eskualdeko lantegietan bukatuko dutenaren bermerik. "Momentuz, diru hori akziodunena da", adierazi du iturri sindikal batek.

Iturri berak, edonola ere, onartu du eragin anbibalentea duela erosketak: "Alde batetik, Abu Dabiko lantegian OCTG teknologia baliatzen da, eta hodi mota horiek dira Tubacexek gehien saltzen dituena. Arabiar Emirerri Batuan egiten badute Amurrion gauzatzen dena, lan zama kentzen da. Baina, bestalde, Abu Dabin OCTG teknologia aplikatzen da Aiaraldetik bertara iristen diren tutuetan. Hau da, OCTG prozesua ekoizpenaren amaierako urratsa da, beste guztia hemen egin daiteke eta horrek lan karga ekar dezake, auskalo".

Mozkin gehiago Tubacex taldearentzat

Argi dagoen gauza bakarra da Tubacexek etekin gehiago emango dizkion operazioa burutu duela. Izan ere, 2022an iragarri zuen Abu Dabin eraikiko zuela lantegia. Horri esker bermatu zuen 10 urtez 30.000 altzairu tona ekoiztea ADNOR enpresarentzat, hau da, herrialdeko petrolio konpainiarentzat.

Azpiegiturak eraikitzearen inbertsioa 100 milioi eurokoa izango zela adierazi zuen konpainiak eta orain erdia baino gutxiago (%49) saldu du 139 milioi euroren truke. Multinazionalak berak ezarritako kronogramaren arabera, 2024ko amaieran hasiko da lanean faktoria, 150 beharginekin. Hortaz, 2025etik aurrera ikusiko da bere eragina, positiboa edo kaltegarria, Aiaraldean.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide