Oscar Puente Garraio Ministroak onartu du C-3 lineako zerbitzua ez dutela modu egokian eskaintzen

Aitor Aspuru Saez 2024ko mai. 29a, 10:40

Oscar Puente ministroa, artxibo irudi batean. / Wikipedia

Josu Estarrona EH Bilduko senatariak galdetu zion Senatuan aldirikoen egoerari buruz eta ministroak aitortu zuen trenak ez direla egokiak eta ordutegiak ez dituztela betetzen.

Astelehenean Oscar Puente Santiago Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko Ministroak arlo horretako Senatuko batzordean parte hartu zuen eta Josu Estarrona EH Bilduko senetariak zenbait galdera egin zizkion. Besteak beste, itaundu zion ea asmoa zuen neurriak hartzeko aldirikoen zerbitzua fidagarria eta puntuala izan dadin Bilboko inguruetan, hau da, Aiaraldea barne. Izan ere, Estarronak gogoratu zion trenak etengabe uzten dituztela bertan behera eta inolako jakinarazpenik egin barik.

Ministroak erantzun zuen arazo nagusia trenak direla, eta hori konpontzeko urratsak egingo dituztela: "Tren berriak eramango ditugu eta, tren horiekin, beste zerbitzu-mota bat. Ordutegiak eta maiztasunak hobetuko ditugu. Beraz, inbertsioa handitu egingo da, horretan gaude Euskadin eta, zehazki, trenen ordutegietan, zuk aipatu bezala. Halaber, tren berriak sartuko ditugu Euskadiko aldirikoen sarean, eta, beraz, hobetu egingo ditugu eskaintzen ari garen maiztasunak eta ordutegiak".

Halaber, Espainiako Gobernuko ordezkariak aitortu zuen egungo zerbitzua ez dutela behar bezala eskaintzen: "eskuragarri dagoen materialarekin, ahal dugun zerbitzua ematen dugu. Ez badugu material nahikorik maiztasunak hobetzeko, egiten ari garena da, jakina, puntako orduetan zentratzea eta, agian, beste orduak alde batera uztea, zure mintzaldian aipatu duzun bezala".

Sindikatuen mesfidantza

Aiaraldea Komunikabidea zenbait iturri sindikalekin jarri da harremanetan eta ez dituzte oso modu baikorrean hartu ministroaren adierazpenak. Izan ere, ez du zehaztu noiz eta nola egingo dituzten inbertsioak eta, gainera, zalantzan jarri dute Bilboko aldirikoen zerbitzuan sartuko dituzten tren berrien kalitatea: "Hona ekarri ohi dituzten unitateak Madril eta Bartzelonan kentzen dituztenak dira. Hau da, hamabost edo hogei urte dituzte jadanik".

Gainera, nabarmendu dute azken asteetako anabasa Bilbon sartu den gerente berriaren ardura izan dela, txarto kudeatu dituelako gidariek iaz egindako lan-orduak, maiatzean librantza guztiak hartzera behartuta.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide