Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!

Atxikimendu kanpaina abian, Amurrioko Udalak dirulaguntza itzuli diezaion Aiaraldea Komunikabideari

Erredakzioa 2024ko eka. 12a, 16:00

Agerraldi herritarra egingo da ekainaren 21ean Amurrioko Udaletxearen aurrean. / Aiaraldea.eus

Hemen eman ahal zaio atxikimendua manifestuari. Agerraldi herritarra egingo da ekainaren 21ean, 19:30ean Amurrioko Udaletxearen aurrean. 

Bi aste igaro dira Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari dirulaguntza kendu ziola jakinarazi genuenetik. Ordutik hona entitate eta norbanako ugarik helarazi diote elkartasuna eta babesa euskararen biziberritzea helburu duen proiektu honi, eta Euskal Herriko hainbat komunikabidetan izan du oihartzuna albisteak. 

Udala, bere aldetik, ohar bat argitaratzera mugatu da, baina Aiaraldea Komunikabideko kideek analisi zabal baten bidez erantzun zioten bertan plazaratutako argudioei.

Gaur gaurkoz, tokiko erakundea ez da harremanetan jarri oraindik komunikabidearekin. Hedabideak ez du inolako jakinarazpenik jaso Udalaren partetik, apirilaren erdialdetik daramagun arren alkatearekin bilera eskatzen. 

Atxikimendu kanpaina

Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak (Aiaraldea Komunikabidearen atzean dagoen irabazi asmorik gabeko entitateak) bilerak egin ditu azken asteetan Amurrioko bazkideekin. Batzar horietan adostu da afera honi aurre egiteko hartu beharreko bidea.

Gaur, egoera desblokeatzeko urrats bat gehiago ematea erabaki dugu, atxikimendu kanpainari hasiera emanez. Hemen irakurri eta sinatu daiteke manifestua. 

Hiru eskaera zuzen egiten dizkiogu Udalari: 

  1. Amurrioko Udalak udalerriko zein eskualdeko euskalgintzaren eragileekin elkarlana estutzea, euren aldarri eta proposamenak babestea eta horietan aktiboki parte hartzea, modu horretan, euskararen biziberritzean eragile aktibo bilakatzeko.
  2. Amurrioko Udala Aiaraldea Komunikabidearekin biltzea, bi entitateen arteko elkarlana berriz martxan jarri eta normalizatzeko.
  3. Amurrioko Udalak Aiaraldea Komunikabideari azken hamabi urteetan eman dion diru-laguntza berrezartzea eta babes ekonomiko horren zenbatekoa eguneratzea, eskualdeko gainontzeko udalek egiten duten ekarpenarekin parekatuz.

Eskualdeko norbanako eta elkarte zein eragile orori luzatzen diogu manifestuarekin bat egin eta atxikimendua helarazteko gonbita. 

Agerraldi herritarra ekainaren 21ean

Manifestuari lotuta, hitzordu bat ere jarri dugu mahai gainean. Agerraldi herritarra deitu du Aiaraldea Komunikabideak ekainaren 21ean (ostirala), 19:30ean Juan Urrutia plazan, Amurrioko Udaletxearen aurrean. Aiaraldea osoko baina, bereziki, Amurrioko elkarte eta norbanako guztiei luzatzen diegu bertaratzeko gonbita, euren taldearen bereizgarriren batekin. 

Erlazionatuak

Euskarak denona izan beharko luke

Txabi Alvarado Bañares mai 24 Amurrio

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide