Amurrion euskaraz bizi nahi dugu!

Euskarak denona izan beharko luke

Txabi Alvarado Bañares 2024ko mai. 24a, 14:15

Amurrioko alkatea, 2022an Udalak hartutako Korrikaren kilometroan. / Aiaraldea.eus

Aiaraldea Komunikabideak apirilaren 15etik darama bilera bat eskatzen Amurrioko Udalari diru-laguntzaren ezabatzeari buruz hitz egiteko, bide ofizialak (Herritarren Arretarako Zerbitzuan eskaera erregistratzea) zein ez-ofizialak (alkateari zuzenean telefonoz deitzea) baliatuta.

Orain arte, komunikabideak ez du inolako erantzun ofizialik jaso tokiko erakundearen partez, baina albistea publiko egin eta hara! Udalak pilak jarri eta 24 ordu baino gutxiago behar izan ditu erantzun bat plazaratzeko (bere webgunean eta komunikabideei bidalitako prentsa oharrean, noski. Aiaraldea Komunikabidearekin oraindik ez da harremanetan jarri hilabete bat baino gehiago mahaigainean daraman bilera eskaerari erantzuteko).

Oharrean, Udalak tesi nagusi bat baliatu du diru-laguntzaren ezabatzea justifikatzeko: Aiaraldea Komunikabideak “lehia desleiala” egiten diela eskualdeko autonomo eta enpresa txikiei. Zergatik? Argi eta garbi dio oharrak: “enpresa pribatu bat” delako eta gainontzeko “tokiko ekintzaileek” ez dituztelako horrelako diru-laguntzak jasotzen. Beste modu batean esanda: Aiaraldea Komunikabideari ematen zitzaion diru-laguntzak merkatu librea desorekatu egiten zuen eta Udalak ezin zuen beste alde batera begiratu, merkatua orekatzeko betebeharra zuen, nahitaez.

Tesi hori indartzeko, komunikabideak eginiko 14 urteko ibilbidearen genealogia propioa plazaratu du Udalak. Horrela dio kontakizunak:

"Duela 10 urte baino gehiago, hainbat administrazio publikok dirulaguntzak eman zituzten, euskara eta euskal kultura sustatzeko asmoz, eskualdeko euskarazko hedabide bat bultzatzeko. Hala ere, azken 12 urteetan, Aiaraldea Faktoriak euskararekin zerikusi gutxi duten zerbitzu komertzial ugari eskaintzen dituen enpresa pribatu baterantz eboluzionatu du. Enpresak web orriak, komunikazio zerbitzuak, gaztelekuen kudeaketa, udalekuak, ludotekak, udal aldizkariak, jaien programak, herri bazkarien antolaketa, tokiko produktuen salmenta eta ostalaritza lantzen ditu, besteak beste".

Ea, goazen puntuz puntu. Ezer baino lehen, parentesi bat: “Aiaraldea Faktoria” ez da Aiaraldea Komunikabidearen atzean dagoen figura juridikoaren izena. Hori Aiaraldea Kooperatiba Elkartea litzateke (baina tira, zehaztasuna ez da ezta Udalaren oharraren puntu fuerteena).

Harira itzuliz, goazen Udalak eginiko errelatoaren atzean dagoena azaltzera: Bai, duela 10 urte baino gehiago (2012an, zehazki), hainbat administrazio publikok (eskualdeko 9 udalek, alderdi politiko guztietako ordezkarien adostasun eta inplikazioarekin) euskara sustatzeko hitzarmen bat sinatu zuten Saraubeko Mahaian, zeinetan Aiaraldea Komunikabidea (garai hartan webgune bat soilik zena) ekonomikoki babestera konprometitu ziren.

Eta bai, denbora asko igaro da ordutik hona, eta gauza asko aldatu dira. Aiaraldea.com zena Aiaraldea.eus bilakatu zen. 2013an paperera egin zuen jauzi komunikabideak, hamabostean behin eskualdean doan banatzen den hamabostekari batekin. KOMUNIKA enpresaren sorrera ere sustatu zen, komunikazio zerbitzuen bidez komunikabidearen jarduna finantzatzeko. Ikus-entzunezkoen garapena, bestelako euskarriak plazaratzea… mugarriz mugarri joan da eraikitzen komunikabidearen 14 urteko historia hauxe.  

Proiektuaren dimentsioa eta osaketa ere aldatu da: hasieran boluntario hutsez osatutako egitasmoa zen. Gero etorri ziren langileak, eta ordutik hona egitura mistoa mantendu du proiektuak. Gaur gaurkoz, komunikabidearen eguneroko jarduna ezinezkoa izango litzateke atzean dauden dozenaka eta dozenaka boluntarioengatik izango ez balitz (bide batez, doakiela hemendik besarkada bat artikuluak idatzi, argazki eta bideoak grabatu edota hamabostekaria auzoz auzo eta ikastetxez ikastetxe banatzen duten herritar guztiei).

2015an abiatutako gogoeta estrategikoan utzi zion proiektuak komunikabide bat soilik izateari. Beste hainbat ildoren sorrera sustatu zen, euskararen biziberritzean ahalik eta fronte gehienetatik ekiteko helburuarekin. Orduan erabaki zen elkarte izatetik irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba izatera pasatzea.

Baina, bilakaerak bilakaera, inflexio puntu bat markatu beharko bagenu Aiaraldea Komunikabidearen jardunean, 2015. urtea litzateke. Urte horretan abiatutako Gogoeta Estrategikoan, ondorioztatu zen “erdaraz bizi den eskualde baten berri euskaraz ematera” mugatu zela Komunikabidea ordura arte, eta bazela garaia urrats bat aurrera eman eta euskaraz biziko ziren errealitate berriak sortzeko.

Esan eta egin. Ildo berriak sortu ziren: Kokoriko Hezkuntza Faktoria (hezkuntza ez-formalaren esparruan eragiteko), Feminismoaren ildoa, Kultura Faktoria, Elikadura burujabetzarena edota Ekonomia sozial eraldatzailearena… denak helburu berarekin: euskaraz bizitzeko ahal bezain tresna sortzea eskualdean, euskalgintza eta eraldaketa soziala eskutik helduta joan behar direla ulertuta.

Planteamendu berriek tresna berriak behar dituzte askotan. Horregatik erabaki zen komunikabideak ordura arte izandako elkarte izaera juridikoa utzi eta irabazi asmorik gabeko kooperatiba bilakatzea. Orduan jaio zen Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, aipatutako ildo guztiak (komunikabidea barne) hartuko zituen aterki berria.  

Tira, hau iritzi artikulu bat izateko, jada asko luzatu gara dagoeneko azalpen honetan. Interesa duenarentzat, hemen dago aipatutako eraldaketa prozesuaren azalpen xeheagoa bat (agian Amurrioko Udaleko norbaitek ere irakurri nahiko du akaso, nahiz eta berez baduten aipatutako prozesuaren berri. Iaz, legealdiaren hasieran, proiektu osoa aurkezteko bilerak egin ziren Udalekin, baina Amurriokoa atzeratu egin zuten, eta oraindik ez da egin).

Goazen aurrera…

“Enpresa pribatuen” zakua

Amurrioko Udalaren komunikatura itzuliz, deigarria da nola erabiltzen den bertan “enpresa pribatu” terminoa. Titularrean eta testuan zehar behin baino gehiagotan nabarmentzen da Aiaraldea Komunikabidea gisa horretako entitatea dela.

Hitzak ez dira inoiz neutralak izaten. Gauza asko sartzen dira “enpresa pribatuen” zakuan, eta oso azkar ikusi daitezke sakuaren josturak.  

Izan ere, tokiko erakundeak planteatzen duen mundu ikuskera murritzean, multzo berean sartuta egongo lirateke gizarte zibilaren ekimenez azken hamarkadetan sortu diren euskalgintzako ehun sozial gehienak, eta baita bere jabeak aberasteko helburu hutsarekin sortutako sozietateak ere. Dena batera, denak baitira gauza bera: "enpresa pribatuak".

Planteamendu hori bere azken ondorioetara eramanez, zaku berean egongo lirateke, adibide tonto bat jartzearren, Tubacex eta KORRIKA. Izan ere, ez dezagun ahaztu Euskal Herrian euskararen alde egiten den ekimen jendetsuena, Amurrioko Udalaren arrazoiketari jarraiki, “enpresa pribatu batek sustatutako ekimena” izango litzatekeela (nahiz eta hori ez zen oztopo izan 2022an KORRIKA Amurriotik abiatu eta Udalak lehenengo kilometroetako bat hartzeko).

Baten bati agian irria marraztu zaio goikoa irakurtzean. Ba izan gaitezen serioak behingoz: Argi dago entitate batzuen eta besteen artean dagoen aldea. Baina, Udalaren komunikatuko arrazoiketa ikusita, badirudi xehe-xehe azaldu egin behar dela berez begien bistakoa dena.

Ez, “enpresa pribatu” guztiak (denei horrela deitu ahal bazaie) ez dira berdinak. Tubacex eta antzeko sozietateen azken helburua bada euren akziodunei ahalik eta diru gehien ematea. Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, aldiz, irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba da, eta dituen irabaziak (halakorik dagoenean) ez ditu inork bereganatzen: proiektu sozialetan berrinbertitzen dira, eskualdearen euskalduntzera bideratutako bokazio publikoko proiektuetan, alegia.

Aiaraldea Kooperatiba Elkartea, aldiz, irabazi asmorik gabeko gizarte ekimeneko kooperatiba da, eta dituen irabaziak (halakorik dagoenean) ez ditu inork bereganatzen: proiektu sozialetan berrinbertitzen dira, eskualdearen euskalduntzera bideratutako bokazio publikoko proiektuetan, alegia.

Hala eta guztiz ere, aurrera jarraitu aurretik, ohar inportante bat: Irabazi asmodun enpresek ere badute diru-laguntzak jasotzeko eskubidea. Eta, berez, jasotzen dituzte, bai Amurrioko Udalaren partetik eta baita bestelako erakunde publikoen eskuetatik ere. Tubacexen adibidera itzuliz, multinazionalak diru publiko andana jaso du azken urteetan. Aiaraldea Ekonomikoki Suspertzeko plan ospetsuko diru-partida gehienak ere enpresa pribatuen esku geratuko dira. Eta abar, eta abar.

Eta hori, berez, ez du zertan txarra izan. Diru publikoa zertara bideratuko den da gakoa. Aiaraldea Komunikabidearen kasuan, Amurrioko Udaletik jasotzen diren 6.000 euroak komunikabidearen jardun publikoa finantzatzera bideratzen dira ehuneko ehunean. Ez da dirurik sobratzen: Komunikabideak 100.000 euro inguruko defizita du urtero, eta Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak lortu behar du zulo hori estaltzeko dirua. Nola? Ba bazkideen kuotekin (SPAM: Egin zaitez bazkide hemen), borondatezko bestelako ekarpenekin… eta bai, baita mota askotako zerbitzuak emanez. Harrien azpitik bilatzen dugu dirua, dirurik ez baina onura sozial handia ematen duten proiektuak elikatu ahal izateko.

Beste modu batera esanda: Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak lehia desleiala egin nahiko balie eskualdeko gainontzeko enpresei, gauza bat egin beharko luke beste ezer baino lehen: Aiaraldea Komunikabidea itxi.  

Ez zaigu dirua sobratzen: Komunikabideak 100.000 euro inguruko defizita du urtero, eta Aiaraldea Kooperatiba Elkarteak lortu behar du zulo hori estaltzeko dirua.

Ez dezagun ahaztu: Amurrioko Udalarena diru publikoa da, eta interes publikorako erabili beharko litzateke. Aiaraldean euskarazko beste komunikabide bat sortuko balitz, eskubide bera izango luke diruz lagundua izateko. Baina, zoritxarrez, errealitatea oso bestelakoa da: Aiaraldea Komunikabidea da eskualdeko euskarazko mota horretako proiektu bakarra, eta Udalak berak sortutako komunikazio tresnak ez dira gizarte elebidun batean egon beharko lukeen gutxienekora iristen (baina horrek aparteko analisi bat mereziko luke, aparteko artikulu bat mereziko lukeen bezala zertara doazen zehazki Udalak 2024an “euskara-arlora” bideratuko dituen 428.000 euroak).  

“Euskara denona da”

Bere komunikatua borobiltzeko, lema indartsu bat jartzen du Udalak mahai gainean: “Euskara publikoa da, ez pribatua. Euskara denona da”. Irakurketa asko egin daitezke esaldi horren esanahiaren inguruan: Zer da euskara publikoa? Zer euskara pribatua? Nor sartzen da “denok” horren barruan?

Baina lema horrek, zerbait erakusten badu, bada zein urrun dagoen Amurrioko Udala euskalgintzako sektore anitzek (instituzionalenetatik herritarrenetara) aspalditik erdietsiak dituen adostasun zabaletatik. Eusko Jaurlaritzaren zein Arabako Foru Aldundiaren plan estrategikoetan berariaz nabarmendu egiten da euskarazko komunikabideek garrantzi estrategikoa daukatela euskararen biziberritzean, eta eurekin elkarlana sustatu behar dela. Eta hala egiten dute bi erakundeek.

Amurrioko Udala da kontrako norantzan joaten ari dena euskararen biziberritzearen aldeko bidean, eta abiadura azkartzen du, txapa bat jantzi eta lekuko bat hartzetik harago, konpromiso zehatzak eskatzen zaizkionean.

Amurrioko Udalak, aldiz, kontrako bidea hartu duela dirudi, eta ez soilik Aiaraldea Komunikabidearen kasuan. Kasuak biderkatu egin dira azken urtean: Tokiko erakundeak uko egin dio parte hartzeari Aiaraldeko Euskalgintza Kontseiluak euskararen alde planteatutako azken ekimenetan (Euskararen Semaforoan, jaietan euskara sustatzeko dinamikan edota udal hauteskundeetan konpromiso zehatzak hartzeko planteamenduan, besteak beste).

Baina ez hori bakarrik: euskararen teknikari lanpostua udal langileen zerrendatik ezabatzea erabaki zuen Udalak iaz (bai, badakigu: gero atzera egin zuen, baina presio sozialari eta alkateak jasotako deiren bati esker). Egin duen azkena, aldiz, izan da langileen euskara profil derrigortasuna kentzea Amurrioko udal kirol guneen kudeaketarako lizitazio publikotik. Bata bestearen atzetik, gelditu gabe.

Amurrioko Udala da kontrako norantzan joaten ari dena euskararen biziberritzearen aldeko bidean, eta abiadura azkartzen du, txapa bat jantzi eta lekuko bat hartzetik harago, konpromiso zehatzak eskatzen zaizkionean.

Mahai gainean dagoena ez da euskara denona den edo ez. Denona da, bai. Beno, hobeto esanda, denona izan beharko luke. Euskara Amurrioko Udalarena ere baden da galdera.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide