"Haserre" daude Aiaraldeko pentsiodunak, Amurrio eta Laudioko anbulatorioetako "egoera larriagatik" eta udan egongo diren ordutegi murrizketengatik. Hori salatzeko baliatu dituzte astelehen honetako elkarretaratzeak, osasun zentroen atarietaraino eramanez protesta.
Modu horretan salatu nahi izan dute "Osakidetzak jasatzen duen kudeaketa txarra". Horren aurrean, lehen arreta "kalitate onekoa" izatea eskatu dute, eta "pribatizazio joerak ekidin behar direla" ere jarri dute mahai gainean, "osasungintza benetan publikoa" izan dadin. "Osasun publikoa defendatzen dugu, non langileek, Osakidetzako 'koroaren altxorra' direnak, beren lanaz gogotsu sentituko diren eta lan-baldintza duinak izango dituzten", aldarrikatu dute.
Hori dela eta, Osakidetzako eta Aiaraldeko ESIko kudeatzaileei eskatu diete "behar diren neurriak" hartzeko, "osasungintza benetan ona izan dadin".
Honakoa ez da osasun sistema publikoaren alde pentsiodunek egin duten lehen protesta. Euren aldarri historiko bat izan da hori, eta maiatzean antzeko protesta ekimena egin zuten Laudion.
Argazkiak: Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimendua