Piezak mugitzen hasi da Tubacex datorren urtean egitekoa den lan hitzarmenaren negoziaketari begira. Gaur eguerdian egin du multinazionalak Akziodunen Ohiko Batzarra Bilboko Iberdrolaren Dorrean. Hori baino lehen, Jesus Esmoris kontseilari delegatua hainbat komunikabiderekin bildu da. Eldiario.es da bilera horretan jasotakoak kontatu dituenetako bat, Belen Ferreras kazetariaren eskutik. Berak idatzitako artikuluan jasotako adierazpenak dira jarraian aipatuko ditugunak.
Enpresa-taldeko CEOak aurreratu du inbertsioak indartzea aurreikusi dutela Laudio eta Amurrioko lantegietan, baina gaineratu du “ardura eta zentzu komuna” espero dituela sindikatuen partetik. Izan ere, bere iritziz, datorren urteko lan hitzarmenaren negoziazioan erabakiko da “zer egingo den datozen bost urteetan”.
Hiru klasiko jarri ditu Esmorisek jo-puntuan: lanordu kopurua, absentismoa eta soldatak. Eta horri lotuta, klasikoetan klasikoena du mahai gainean: Aiaraldeko lantegietakoak direla Tubacex talde osoan dauden soldatarik altuenak. “25 lantegi ditugu Norvegian, Austrian edota Estatu Batuetan banatuta, lan-kostua handia dagoen lekuetan, eta garestiena Laudio eta Amurriokoa da", ziurtatu du iaz soldata eta dietetan 2,6 milioi euro jaso zituen kontseilariak.
Hiru klasiko jarri ditu Esmorisek jo-puntuan: lanordu kopurua, absentismoa eta soldatak.
Hala ere, kontuan hartu behar da eskualdeko langileen lansariek izoztuta daramatela 2021etik, hala adostu zutelako enpresarekin 7 hilabeteko greba mugagabeari amaiera eman zion akordioan. Hain zuzen, datorren urtean amaitzen da berez izozte hori. Normala da, beraz, Esmoris horri begira fitxak mugitzen hastea.
Tubacexeko kontseilari eta goi kargudunen soldata eta dietak, aldiz, ez dirudi oso izoztuta daudenik. 10,4 milioi euro jaso zituzten Tubacexeko kontseilari eta goi kargudunek 2023an, aurreko urteko kopuruaren bikoitza baino gehiago. Eta, arestian esan bezala, Esmorisek berak poltsikoratu zuen pastel horren zati handitxo bat.
Soldata eta dieta horiek, noski, ez dira multinazionaleko buru operatiboak prentsaren aurrean kritikatu dituenak. Funtsean, berritik gutxi dute Esmorisek gaur plazaratutako azalpenek. Historikoki erabili dituen argudio berdinak birformulatzera mugatu da: langileek (ez berak/eurek) asko kobratzen dutela, inbertsioak egoteko bake soziala egon behar dela eta abar eta abar.
Zaharrak berri. Argudio horiek behin eta berriz errepikatu zituen Tubacexek 2021an, 150 langile kaleratzea hil ala bizikoa zela defendatzen zuenean. Gero gertatu zenak harrituko zaitu… edo seguraski ez: enpresak atzera egin behar izan zuen langileek grebaren pultsua 236 egunez mantendu ostean. Ordutik hona, emaitza positiboak bata bestearen atzetik pilatu ditu multinazionalak, bere ustezko egoera ekonomiko larriaren egiazkotasuna zalantzan jarriz. Une honetan, 1.600 milioi eurotan baloratutako eskaera-zorroa du Tubacexek, inoiz izan duen handiena. Datozen hilabeteetan ekingo diote eskaera horiek egiteari. Horrek isla izango du fakturazioan eta, ondorioz, azken emaitzetan ere.
Gauzak hala, aurreikusi daiteke datorren urtean Tubacex oparotasunean (are gehiago) igeri egiten egon daitekeela. Testuinguru horretan, ikusteke dago Esmorisen argudio zaharrek balio izaten jarraitzen duten edo ez.