Solariaren kontrako 15.000 alegazio aurkeztu dituzte gaur Gasteizen, Aiaraldeko 600 inguru barne

Aitor Aspuru Saez 2024ko uzt. 10a, 15:00

Aiaraldeko Mendiak Bizirik plataformak ere parte hartu du agerraldian eta Solariaren kontrako alegazioak eraman ditu, 600 guztira.

Arabako hainbat eragilek bat egin dute gaur Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean. Izan ere, lurralde historikoan biderkatzen ari diren energia berriztagarriei lotutako proiektu handien aurkako agerraldia egin dute, guztira 15.000 alegazio aurkezteko.

Berez, gaur amaituko da epea Solaria proiektuaren kontrako alegazioak bideratzeko eta aukera baliatu dute azpiegitura horren aurkakotasuna irudikatzeko. Hain zuzen, dokumentu guztiak traktorean garraitu dituzte, islatzeko jende ugarik egin duela bat azpiegitura horren aurkako aldarriekin.

Mobilizazioaren deitzaileen artean Aiaraldeko Mendiak Bizirik egon da. Plataforma horrek 600 alegazio inguru bildu ditu eskualdean. Horiei gehitu behar zaie Aiarako Udalak prestatutakoa, Aiarako 19 Administrazio Batzarrek sinatutakoak, 130 aiararrek tramitatutakoak eta Amurrioko Udalak zein hango Administrazio Batzarrek landutakoak.

Arazo orokorra

"Proiektuak inongo antolakuntzarik eta zentzurik gabe kaleratzen diren heinean, horien eragin larria jasatear dauden herri, mendi eta lurraldeetan mugimendu herritarrak sortu dira eta sortuko dira, lurraldea astakeria zentzugabe honen aurrean defendatzeko", adierazi dute prentsaurrekoan.

Dena den, taldeek azpimarratu dute ez daudela energia berriztagarrien kontra, logikarik gabe egiten ari diren prozesuaren aurka baizik: "Azken asteotan, hamaika makroproiektu fotovoltaiko eta eoliko aurkeztu dira Araban, 'transizio energetikoa' deiturikoa erabiliz aitzaki bezala korporazio handiek gure lurraldearen kontu negozioa egin dezaten. Horien guztien aurkako alegazioak aurkeztuko ditugu; argi eta garbi esateko ez diegula utziko gure lurraldea lapurtzen. Horrek ez du esan nahi berriztagarrien aurka gaudenik; baina horiek ezartzeko irizpide, plangintza eta aurreikuspen bat egon behar da. Berriztagarriak bai, baina horrela ez!".

Halaber, erakundeek azpimarratu dute proiektuak ez direla modu gardenean kudeatzen ari: "Energia berriztagarriak instalatzeko makroproiektu pribatu horiei bidea erraztu zaie, gizartearen parte-
hartzerik eta inplikaziorik gabe eta zuzeneko eragina jasaten duten pertsonekiko beharrezko gardentasun, informazio eta errespeturik gabe".

Amaitzeko, gogoratu dute gaur 15.000 alegazio bildu dituztela, baina azkenaldian askoz gehiago sustatu dituztela: "Aurretik aurkeztuak ditugu 23.000 alegaziotik gora zentral eolikoen aurka, 7.000 AHTaren aurka eta 5.000 Euskadiko Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorialaren aurka".

Hori dela era, urriaren 26an mobilizazioa egingo dute Gasteizen eta deia zabaldu dute jendarteak parte har dezan.

Honako talde hauek izan dira gaurko egitasmoaren deitzaileak:

  • Aiaraldeko Mendiak Bizirik
  • Horrela Ez Valles Alaveses
  • Horrela Ez Argantzun
  • Horrela Ez Kuartango
  • Horrela Ez Gasteiz - Lautadako AHTrik ez
  • UAGA
  • Zigoitia bai
  • Zuia Bidean
  • Urkabustaiz Babestuz
  • Dikerik ez
  • Bionekazaritza
  • ATACA
  • Arabako Mendiak Aske
  • Araba Bizirik
  • AHTrik ez Valles Alaveses

Argazkiak: Aiaraldeko Mendiak Bizirik

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide