Aurreratu bezala, EH Bilduk mozioa eraman zuen atzo Arabako Batzar Nagusietara exijitzeko Arrastariako adinekoek Urduñako egoitza erabiltzeko eskubidea izan dezaten. Oposizioak babestu zuen egitasmoa, baina EAJk eta PSE-EEk kontra bozkatu zuten.
Gauzak horrela, eta zenbait hedabidek adierazitakoaren kontra, testua onartu izanak ez du esan nahi eskaera beteko dutenik. Izan ere, Nerea Martinez EH Bilduko batzarkideak azaldu dionez Aiaraldea Komunikabideari, Batzar Nagusien erabakiak ez dira lotesle Foru Gobernuarentzat: "Bakarrik Foru Arauak".
Hortaz, aintzat hartuta EAJk eta PSE-EEk mozioaren kontra bozkatu zutela Bizkaiko Batzar Nagusietan, ez dirudi bi erakundeen arteko hitzarmenik egongo den Arrastariako nagusiek Urduñako zerbitzua baliatu dezaten.
EAJ eta PSE-EEren kontrako kritikak
Ondorioz, EH Bilduk oso modu kritikoan baloratu du jeltzaleen eta sozialisten jokabidea auzi honetan, Amurrioko eta Urduñako udalbatzetan testuaren alde agertu baitziren, eta Batzar Nagusietan, aldiz, aurka. "Ulertezina da jarrera kontraesankor hori, eta EAJ eta PSErengandik espero dugu arduraz jokatzea Arrastariako adinekoekiko, euren inguru hurbilarekiko haustura saihesteko", adierazi du Martinezek.
Arrastariako nagusiak
Aurreko egunetan egin bezala, EH Bilduk berriro argitu du bere egitasmoaren helburua: "Urduñan kokatuta dagoen egoitza publikoak 55 plaza ditu. Horietatik, 45 Bizkaiko Foru Aldundiarekin hitzartuta daude, eta gainontzekoak pribatuak dira. EH Bilduk azaldu duen bezala, Urduña Bizkaia izanda, bertan dagoen egoitza publikoko plazak eskuratzeko Bizkaian erroldatuta egon behar dira erabiltzaileak, beraz, Arrastariako (Delika, Tertanga, Aloria, Artomaña eta Lekamaña) adinekoek, Urduñatik oso gertu bizi arren, ezin dute bertan plazarik lortu, eta haien etxeetatik oso urrun dauden Amurrio, Laudio edo Gasteizko egoitzetara joan behar dira.