Aiaraldea suspertzeko plan bereziaren barruan, Eusko Jaurlaritzak dirulaguntza deialdia zabaldu zuen lehen sektorean eta landa eremuan ideia berritzaileak sustatzeko. Guztira, 1.060.000 euro esleitu zituen Hazi Fundazioak martxoan, baina aste honetan behin betiko ebazpena argitaratu du eta aldaketak gertatu dira.
Izan ere, eskualdeko hiru proiektuk uko egin diote saria jasotzeari. Alde batetik, ez dute gauzatuko gaztandegi, zatiketa aretoa eta salmenta puntua Morteru ardien ustiategian. 140.615 euro eskuratu ahal zuen ekimenak, hau da, inbertsio osoaren erdia.
Shiitake zizak ekoizteko proiektua ere bertan behera geratu da. 70.500 euroko saria zen berea.
Azkenik, elikagaien soberakinak berreskuratu eta banatzeko plana ere ez da egikarituko. 66.926 euroko dirulaguntza zegokion iniziatibari, baina dirulaguntzen bi kategorietan aurkeztu zuten eta bakarrean baino ez zuen babesa eskuratu.
Aldaketa gehiago
Ekimen hauek bertan behera utzi ondoren, beste bi izan dira onuradun, martxoko deialdian kanpoan geratu eta gero aurrekontu faltagatik. Lehenik eta behin, Santiago Bronchales Jordan destilaziorako eta hartzidurako zentro berritzaileak 100.000 euro eskuratuko ditu.
Horrez gain, Orozkoko Zastegin txabola gaztandegia bilakatzeko asmoak 56.692 euro izango ditu eskura.
Azkenik, piparren kultibo hidroponikoa autohornikuntzarako proiektuak 66.466 euroko dirulaguntza jaso behar zuen martxoko ebazpenean, baina eguneratu eta gero, 17.094 eurokoa izango da babesa.