Tubacex enpresako arduradunek streaming bidezko agerraldia egin dute gaur, 2024ko lehen sei hilabetei buruzko balorazioa egiteko. Enpresarien hitzartzearen zati handi bat Abu Dhabiko proiektuari buruzkoa izan da, non 1.000 milioi euroko eskariak izango dituzten (berez, horri begira ekoizten hasi dira jadanik) eta urte amaierarako espero dute lantegi berria irekitzea.
Gauzak horrela, Aiaraldea Komunikabideak galdetu die multinazionaleko ordezkariei espero duten eskualdeko lantegien jarduera murriztea azpiegitura berriaren ondorioz, eta guztiz kontrakoa aurreikusi dutela azaldu dute: "Altzairua Euskal Herriko lantegietan ekoiztuko da eta Abu Dahbin amaituko dira hodiak. Hortaz, espero dugu emaitza positiboa izatea eta lan gehiago izatea".
Arabiar Emirerrietako proiektua izan da agerraldiaren ardatzetako bat. Izan ere, 1.000 milioi euroko eskaerekin batera, 38,5 milioi euro inbertitzen ari dira Ekialde Hurbileko herri horretan. Dena den, Emirerrietako Mubadala funts nazionala 195 milioi eurorekin sartuko da eraikitzen ari diren azpiegituran, eta horri esker murriztuko dute multinazionalaren zorra.
Aurtengo salmentak, momentuz, 380 milioi eurokoak dira, iaz baino gutxiago. Dena den, 50,1 milioi eurokoak dira etekinak, zergak ordaindu gabe. Dena den, Tubacexeko agintariak ez daude kezkatuta, 1.600 milioi euroko eskariak metatu baitituzte.
Horrez gain, industria berrietara zabaltzen ari dira: armagintza, azpiegitura nuklear txikiak, hidrogenoa...