“Geroz eta maizago ari gara sufritzen osasun sistema publiko ahul eta prekario batek eragin ditzakeen ondorioak”. Hori azpimarratu dute gaur arratsaldean eginiko mobilizazioan, Laudion jazotako azken heriotza gogora ekarriz. Izan ere, pasa den astean Laudioko herritar bat hil egin zen bihotz-gelditze baten ondorioz, medikurik ez zegoenean herriko Zainketa Intentsiboetarako Unitate mugikorrean. Hori salatzeko elkarretaratzea egin zuten larunbatean, Laudioko jaien testuinguruan. Gaur, aldiz, eskualdeko mobilizazioa egin dute, eta 1.300 lagun inguru batu dira bertan.
Osakidetzaren egoera orokorra salatu dute. Besteak beste, nabarmendu dute ez zaiola behar besteko aitortza ematen osasun langileek egiten duten lanari: “Mediku, erizain, zelari edota administrazioko langileok talde bat osatzen dugun heinean, gutako bat falta den bakoitzean besteon lan karga eta arduretan eragina du. Ezin dugu onartu erizain edo administrari batek mediku batek dituen zeregin eta funtzioen ardura bere gain hartu behar izatea”.
Laudioko kaleetatik osasun sistema publikoaren aldeko mobilizazioan ehundaka pertsona.
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) August 29, 2024
MEDIKU GEHIAGO BEHAR DITUGU! pic.twitter.com/5w89tYG1kH
Manifestazioaren amaieran hitz egin duten herritarrek eta osasun langileek argi utzi dute “kezkaz” bizi dituztela egoera hauek guztiak: “Urduri gaude, amorratuta eta haserre gure beharrak asetzeko nahikoa baliabide jartzen ez direla ikusten dugulako”. Eta hori gutxi balitz, ahotsa altxatzen duten bakoitzean “ez entzunarena egiten dutelako honen arduradunek”.
"Egoera zail horren aurrean", baina, “antolatuago” eta “indartsuago” ikusten dute haien burua, borrokan jarraitzeko, "egoera honi aterabide bat emango dioten neurriak exijitzen jarraitzeko. Halaber, gogoratu dute kalera irtetea bezain garrantzitsua dela osasun-zentroetan egunerokoan gertatzen diren egoerak formalki salatzea: “herritar guztiak animatzen ditugu osasun-zentroetan gertatzen diren egoerak (langile-falta, hitzorduen atzerapenak, etab.) salatzera, zentroetan dauden erreklamazio-orrien bidez”.
Era berean, datozen aste eta hilabeteetan Aiaraldean egingo diren "osasun publiko eta duinaren aldeko batzar eta dinamikekin bat egiteko deia" ere egin dute. Nabarmendu dutenez, "irmoki" jarraituko dute borrokan, "osasun sistema publiko eta duina lortu arte".
NOIZ ARTE?
— Aiaraldeko Greba Batzordea (@AiaraldeaGreba) August 29, 2024
Egoera zail honen aurrean, antolatuago eta indartsuago gaude, borrokan jarraitzeko.
Llamamos a denunciar las situaciones (de falta de personal, retrasos en citaciones, etc.) que se producen en los centros de salud. También a sumarse a las asambleas. pic.twitter.com/piQFYxA0vB
Argazkiak: Naia Vallejo Torres