Badator Arte Hartze zikloa: 6 emanaldi, igandero, hamabost egunean behin

Oihane Ozaeta Fernandez 2024ko ira. 3a, 11:57

Eider Garcia ilustratzaileak egin du zikloaren kartela. / Aiaraldea.eus

Udazkeneko igande arratsaldeetan zuzeneko ikuskizunak (antzerkia, kontzertu eta hitzaldi performatiboak, errezitaldi bertso-performatiboak…) eta artistekin solasaldiak egongo dira Faktorian. Ekitaldi guztietara joateko bonoak salgai daude dagoeneko, bazkide prezioa 30€koa da.

Arte Hartze zikloa egingo da Faktorian irailaren 15etik azaroaren 23ra. Sei emanaldi izango dira guztira, igandero, hamabost egunean behin. Lehenengo emanaldia Artziniegan izango da, irailaren 15ean, eta beste bostak Faktorian.

Lehenengo emanaldia GOROLDIORIK EZ izango da, irailaren 15ean, Pszifaktoria ideien laborategiaren eskutik (Mikel Ayllon, Igor Arzuaga eta Irati Agirreazkuenaga). Goroldiorik ez bizirik dagoen eta tokian tokiko emakumeen historia eta istorioekin osatzen den ibilaldi dramatiko bat da. Kultura, historia eta natura uztartuko ditu, errealitatetik fikziora egindako ibilaldi baten bidez.

Uztailaren 11ean Aiaraldeko komunitatearekin "ikuskizunaren sortze prozesu" lan-saioa egin zuten (goiko argazkian ikusi daitekeena). Hortik atera zuten informaziorekin, ibilbide poetiko fikzionatu bat sortu dute, Piszifaktoriako kide guztiek parte-hartuta prozesuan. Gauzak hala, ziklorako propio sortu da emanaldia.

Hurrengo emanaldia irailaren 29an izango da. Maialen Lujanbiok RR "Errezitaldi poetiko-bertso-performatibo-irakurri-ikus-entzunezkoa" eskainiko du. Hitzez eraikitako errezitaldia da, hizkuntza du lehengai, hainbat erregistrotan baliatuta: hotsak, testu idatziak, hitz esanak, bertsoak eta abar. Soinu pregrabatuekin eta pantailako proiekzioekin interakzioan osatzen da emanaldia. Aiaraldea komunikabideak sarrera bikoitza zozketatuko du saioa ikusteko, hemen.

Urriaren 13an EUKALIPTUS hitzaldi performatiboa eskainiko dute Jon Ander Urresti, Beñat Urrutia eta Matxalen de Pedrok. Monolaborantzari buruzko komedia kritikoa da antzezlan hau, lan harreman historiko baten istorioa. Ziklorako formatu berezia egingo dute. 

Ondoren, Maider Lasa Santamariak LOA, LOA kontzertu performatiboa egingo du. Zazpi euskal lo-kanta tradizionalal (horietako sei euskal herri-kantutegitik datozenak) eraldatzeko eta sortzeko asmoz, bertsio berriak eskainiko ditu hainbat gairi buruz (sentsualitateari eta sexualitateari buruzko hausnarketak eginez, besteak beste).

Urriaren 27an, berriz,  ERRITUALAK ESPAZIOAN 'Site specific' erresidentziaren saio irekia egongo da Detroiteko Shua performance kolektiboaren eskutik (Laura Quattrocchi, Joshua Bisset eta Stéphane Garin). Ahotsa, soinua eta argiaren esperimentazioa egingo dute Faktoria espazioan. Ziklorako sortutako esperimentazioa izango da. 

Jarraian, Amorantek HARRI HERRI HAR kontzertu performatiboa eskainiko du. Diskoan, zahartzaroari edota zubi batean dantzan jartzeari kantatu dio, eta Agure bat kanpai eske, Habanera bat, Iraultzaren nostalgia edota Jai ostean topatutako poemak agertzen dira.

Azaroaren 10ean izango da bosgarren emanaldia. Ane Gebara ipuin kontalariak LA DESCARADA antzerkia taularatuko du. 

Arte Hartze Zikloaren azkenengo emanaldia azaroaren 23an izango da. ARTE EMAN FESTA deiturikoan Faktoriako sortzaile egoiliarren eta bekadunen jaialdia egingo da: Peru Galbete, Amaia Molinet, Maria Iturbe eta Maialen Ramirez, Jare Prieto eta Eva Perez-Pons…

Bonoak salgai

Dagoeneko salgai daude Harte Hartze Ziklorako bonoak. Bazkide prezioa 30€koa da, prezio orokorra 35 eurokoa, eta langabe eta ikasleen prezioa, berriz, 20 eurokoa. Bonoak ekitaldi guztietarako sarbidea ematen du, eta ekitaldi bakoitzean sarrera erosteko aukera egongo da baita ere.

Kartela, Eider Garcia ilustratzailearen eskutik

Eider Garcia ilustratzaileak 2024ko Arte Hartze Zikloaren iruditegia sortu du, collage teknikan oinarrituta. Horretarako, animalietan, naturako elementuetan (zikoina, hegalak, hostoak) eta zenbait artelanetan inspiratu da:  Suzanne Valadonen La Chambre bleue,  Henri Matissen La Danse, Joaquin Sorollaren Paseo a orillas del mar eta Frida Kahloren Autorretrato con collar de espinas y colibrí.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide