Sormen Egonaldiek diziplina anitzetako lau artista jasoko dituzte Aiaraldea Ekintzen Faktorian

Erredakzioa 2024ko urr. 2a, 12:56

Aitziber Duarte sormen lanetan./ Aiaraldea

Lau Sormen Egonaldi egingo dira urrian eta azaroan Faktorian, eta sortzaile bakoitza aste betez egongo da Faktorian murgilduta sortzen. Bestalde, azaroaren 23an 2024ko Faktoriako sortzaile egoiliarren jaialdia egingo da.

Deialdi bidezko Sormen Egonaldien ebazpena argitaratu du Kultur Faktoriak, eta urrian zein azaroan lau sortzaile ibiliko dira, bakoitza aste betez, Faktorian murgilduta bere lanean.

Antolatzaileek azaldu dutenez, bilatu izan dena da eskualdeko sortzaileei babesa ematea, eskualdekoak Euskal Herrikoekin harremanetan jartzea eta sorkuntza-prozesu artistiko anitzak sustatzea (dantza, arte plastikoak...).

Lo eskaintza, jana, proiektua garatzeko bidelaguntza, baliabide teknikoak, Aiaraldeko komunitatearekin harremana, beraien lana modu esperimentalean komunitatearekin partekatzeko saio irekiak, ikus-entzunezkoak zein argazkiak zabaltzeko… Baliabide guzti horien bitartez sortzaileak sormenean buru-belarri sartuko dira astebetez.

Aitziber Duarte Naturak eskainitakoa proiektua garatzen ibiliko da Faktorian urriaren 30tik azaroaren 7ra

Aitziber Duarte Naturak eskainitakoa proiektua garatzen ibiliko da Faktorian urriaren 30tik azaroaren 7ra. Arroka desberdinetan inspiratutako proiektua da, zeramika eskultorikora hurbilduz, prozesuan eta gozamenean oinarrituta. Bere helburuen artean daude sorkuntza prozesuari balioa ematea eta Faktoriako espazio argitsu batean plazerez sortzea. Saio irekia eskainiko du azaroaren 7an, arratsaldeko 19:30ean. Sarrera libre eta doakoa izango da. 

Idoia Tapia sortzailea Alter Nation konferentzia performatibo sortzen ibiliko da azaroaren 7tik 14ra.

Idoia Tapia sortzailea, bestetik, Alter Nation konferentzia performatibo sortzen ibiliko da Azaroaren 7tik 14ra. Alter Nation Identitatearen Nahasmendu Disoziatiboaren (IND) inguruko konferentzia performatiboa da. Hitzaldi honetan, ezjakintasunetik psikopatologia honen funtzionamendua joku eszenikoaren bidez ulertzen saiatzen da.

Faktorian mugilduko da proiektuari kalitatezko denbora emateko eta espazio eszenikoari arreta berezia eskaintzeko. Saio irekia eskainiko du azaroaren 13an, arratsaldeko 19:30ean. Sarrera libre eta doakoa izango da.

Ainara Benito Zori-ona proiektuan murgilduta ibiliko da urriaren 3tik 10era.

Ainara Benitok, berriz, Zori-ona proiektua landuko du urriaren 3tik 10era. Proiektu hau, gatibutasun-sentsazio propioen arrastoetatik dantza lan garaikide bat sortzeko interesetik loratu da.

Prozesu autoetnografiko honek, kaiolatutako txoriaren metaforaren adieren bitartez, sentsazio unibertsal honi so egitea bilatzen du. Dantza norbanakoa eta ingurunea hobeto ulertzeko tresna gisa erabili daitekeelakoan. Saio irekia eskainiko du urriaren 10ean, arratsaldeko 19:30ean. Sarrera libre eta doakoa izango da.

Eneritz Furyak sortzaileak, Paisaiak VI proiektu potentea Aiaraldean bukatzea erabaki du, eta azaroaren 14tik 23ra burutuko du Sormen Egonaldia.

Eta, bukatzeko, Eneritz Furyak sortzaileak, Paisaiak VI proiektu potentea Aiaraldean bukatzea erabaki du, eta azaroaren 14tik 23ra burutuko du Sormen Egonaldia.

Lekuan lekuko inguru naturala edota gizakiak eraikitakoa ikus-entzunezko piluletan biltzen duen pieza bilduma da, ingurune bereko soinuari eta paisaia horretatik nahiz bere testuinguru natural, historiko, sozial, politikotik... erator daitekeen soinu eta musika sorkuntzari protagonismoa ematen diona. Pieza bakoitza paisaiaren eta gizakiaren arteko elkarrizketaren pasarte laburra da, gizakia bera ere paisaia osatzen duten beste elementuetako bat soilik ez dela gogora ekartzen diguna.

Georgiako zerogarrenaren ondoren beste lau pieza etorri ziren, ondoko artista egoitzei esker: Konvent Zero Cal Rosalen (Kataluinia), Suralita Creació Manacorren (Mallorca), Multimadeira Funchalen (Madeira) eta Frenkiel & Ponti Foundation Monteneron (Italia). Bosgarren bat VV Foundationi esker, Pāvilostan (Letonia) uneotan (2024ko iraila) errealitate bihurtzen ari da.

Faktoriako sortzaile egoiliarren jaialdia

Eneritz Furyak sortzaileak ez du saio irekia eskainiko, horren ordez, Arte Eman festa jaialdi esperimentala egingo da azaroaren 23an, eta jaialdi horretan proiektu bukaera ikusiko da, besteak beste.

Festa horren helburuak sormena ospatzea, sortzaile guztien artean elkar ezagutzea, eta publikoa eta sormen lanak harremanten jartzea izango dira. 2024 urtean Faktorian egon diren sortzaile egoiliarrek parte hartuko dute: Peru Galbete, Amaia Molinet, Maria Iturbe eta Maialen Ramirez, Eva-Perez eta Jare Prieto, Eneritz Furyak, Idoia Tapia, Ainara Bento eta Aitziber Duarte.

 

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Kultur Faktoria (@kultur.faktoria)

Jaialdi esperimentala izango da, eta sormen prozesuaren zati bat ikusteko aukera izango du ikusleak. Arte disiplina eta formatu anitzak nahastuko dira. eta sortzaileen erakustaldiak eta  mahainguruak tartekatuko dira. Argazki anitza sortuko da, izan ere, geografia, adin, genero, ibilbide… ezberdinetako sortzaileak egongo dira.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide