Albiste txarrak iritsi dira eskualdeko txakolin upategietatik. Aurtengo uztaren emaitza kuantitatiboa "oso etsigarria" izan da Arabako Txakolinaren hitzetan. Jatorrizko Izendapeko kideek nabarmendu dutenez, 2022tik 2023ra %46ko jaitsiera egon zen jazotako mahats kopuruan, eta aurtengo emaitza are txarragoa izan da. Datorren astean izango dute behin betiko datua, baina momentuz 360.000 kilo jaso dituzte orotara, iaz baino 34.000 gutxiago.
Dena den, kontuan izan behar da baita ere 2022ko uzta izan zela Arabako Txakolinak inoiz lortutako emaitza oparoena. Orokorrean, azken urteetan nahiko gorabeheratsua izan da ekoizpena, baina aurten bigarren urtez jarraian okertu da emaitza:
Hala ere, Jatorrizko Izendapeneko kideek "gorakada txiki bat" aurreikusten zuten aurten, "baina baldintza metereologikoek modu nabarmenean baldintzatu dute uzta". Azaldu dutenez, mahastiak udaberritik zeuden "nahiko kaltetuta", baina irailean egondako eguraldiak are gehiago okertu du euren egoera.
Arabako Txakolinako kideek Valentzian jazotako uholdeak aipatu dituzte zeharka, aldaketa klimatikoa "errealitatea" dela nabarmentzeko
Txakolin ekoizleen esanetan, "muturreko egoera" bizi dute upategiek, horietako batzuk ez baitute ezertxo ere ez jaso bigarren urtez jarraian.
Klima aldaketa
Arabako Txakolinako kideek Valentzian jazotako uholdeak aipatu dituzte zeharka, klima aldaketa "errealitatea" dela nabarmentzeko. Horri lotuta, urte hau "oso zaila" izan dela nabarmendu dute, "lurrarentzat zein lurretik bizi garenontzat". Euren iritziz, egoera honek eskatzen du "ekoizpen-ereduei buruzko hausnarketa serio bat" egitea. "Prozesu begetatiboaren bilakaerak berak abisu larriak bidaltzen zizkigun udaberritik, eta hori etengabea izan da urtean zehar, mahats-bilketara arte", azaldu dute.
Abenduan hasiko dira mahatsaren aurre-kata egiten, eta otsailetik aurrera egingo dituzte dastatze-ofizialak, txakolinaren bilakaera kualitatiboa neurtzeko.