Urduña eta Bilbo arteko tren irisgarriak 2025eko azken hiruhilekorako prest egotea eskatu dio Senatuak Espainiako Gobernuari. EAJk aurkeztu zuen atzo hori eskatzeko mozioa garraio eta mugikortasun sostengarriko batzordean, eta aho batez onartu zen, ERC, EH Bildu, PP eta PSOEren emendakinak gehituta.
Zehazki, s/446 serieko trenak (orain arte egon direnak) s/464 seriekoagatik aldatzea eskatu dute talde politiko horiek guztiek. Dena den, onartutako testuak beste hainbat eskakizun ere egiten dizkio Espainiako Gobernuari. Alde batetik, B plan moduko bat ezartzea eskatzen du, tren irisgarriak aipatutako epean jartzea lortzen ez bada. Berandutze hori ematekotan, talde politikoek eskatu dute tren bakoitzean gutxienez bagoi irisgarri bat jartzea, behin behineko neurri moduan.
Horrez gain, C3 lineako azpiegitura guztiak irisgarriak izateko obrak amaitzea ere eskatu diote Espainiako Gobernuari, eta baita Renferen irisgarritasun planarekin aurrera jarraitzea ere, "tren guztietan %100ko irisgarritasuna lortuz".
EAJk aldarrikatu du proposamen honekin bere egiten duela Bizkaiko eta Aiaraldeko Pentsiodunen Mugimenduak azken asteetan plazaratutako aldarria. "Mugikortasun urriko pertsonak nasaraino iristen dira, baina gero ezin dituzte trenetako eskailerak igo. Ahalik eta lasterren bermatu behar dugu irisgarritasuna, bere kabuz igo daitezen trenera", nabarmendu du Igotz Lopez senatari jeltzaleak.
Aiaraldea Komunikabideak duela hilabete bat jakin izan zuen tren-modelo irisgarriagoa probatzeari ekin ziotela Bilboko Aldirietan, baina iturri sindikalek adierazi zuten bost urte barru iritsiko zirela unitate horiek C3 lineara. Gauzak hala, ikusteke dago Espainiako Gobernua epe hori urtebetera murrizteko gai izango den edo, kontrara, bagoi irisgarriak jarri beharko dituen behin behineko alternatiba gisa.