Greba Feminista Orokorraren urteurrenean, zaintza lanen aitortza berriz plazara

Aimar Gutierrez Bidarte 2024ko aza. 27a, 08:00

Milaka lagun mobilizatu ziren duela urtebete zaintzen aitortzaren alde. / Aiaraldea.eus

Zaintza sistema publiko komunitarioaren aldeko Greba Feminista Orokorretik urtebetera, Aiaraldeko plazetara aterako dute, beste behin, "denon bizitzak erdigunean" jartzeko beharra.

Datorren azaroaren 30ean urtebete igaroko da Greba Feminista Orokorrak "zaintza sistema publiko eta komunitarioaren alde" milaka lagun kalera atera zituenetik. Efemeridearen testuinguruan, Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizazio eguna antolatu du larunbaterako, eta eskualdean ere oihartzuna izango du deialdiak.

Amurrioko Emakumeon* Sareak azken urtean udalerrian dauden zaintzarako baliabideak publifikatzeko eta bertako langileen egoera duintzeko lan lerroa abiatu du

Urtebete mugimenduan

Azaroaren 30ekoa ez da urtemuga soil bat. Argi utzi zuen mugimendu feministak greba orokorra prozesu baten abiapuntua baino ez zela, "denon bizitzak erdigunean" jarriko zuen prozesu baten hasiera, alegia. Euskal Herriko eragile feministek behin eta berriz aldarrikatu dute zaintzen krisia agenda politiko eta sozialean sartzeko urjentzia.

Hain zuzen ere, tokian toki, zaintza lanen aitortzan urratsak emateko prozesuak abiatu ziren grebaren biharamunean. Horren adibide da, esaterako, Amurrioko Emakumeon* Sareak azken urtean udalerrian dauden zaintzarako baliabideak publifikatzeko eta bertako langileen egoera duintzeko abiatutako lan lerroa.

2024ko azaroaren 30a

Azken urtean Euskal Herrian, Araban zein herriz herri egindako lanaren berri emateko batzar informatiboak eta mobilizazioak egingo dituzte larunbat honetan (azaroak 30) Laudion eta Amurrion. “Azken urte honetan ez gara geldi egon. Emandako urratsen eta etorkizuneko erronken berri emango dugu asanbladetan”, azaldu diote Aiaraldea Komunikabideari mugimendu feministako kideek.

Amurrion 12:30ean elkartuko dira, Villa Fe eraikineko Amurrioko Emakumeon* Sarearen lokal berrian. >Bilera informatiboa egingo dute bertan. Horren ostean, 13:00ean, mobilizazioa abiatuko da Juan Urrutia Plazatik.

Laudion "herri mailako antolakuntzan urrats berriak emateko" baliatu nahi dute goizeko hitzordua

Laudion "Zaintzen errepublika" deitu duten espazioa zabalduko dute Herriko Plazan, 11:00etatik aurrera. Elkartzeko gunea izango da hori. 11:30ean hamaiketakoa eskainiko dute eta 12:00etan batzar informatiboa egingo dute. Laudioko mugimendu feministatik adierazi dute "herri mailako antolakuntzan urrats berriak emateko" baliatu nahi dutela goizeko hitzordua. Azkenik, Laudioko herriari zuzendutako manifestua irakurriko dute, 14:00etan Herriko Plazan.

Hitzorduak Laudion eta Amurrion jarri badituzte ere, Aiaraldeko Mugimendu Feministak eskualde osoko herritarrei luzatu die ekimenetan parte hartzeko deia. Azpimarratu dute ere ekimen mistoak direla azaroaren 30ekoak, eta gizonezkoei ere egin diete deia; "asanbladetan entzunez, eta mobilizazioetan parte hartuz".

Kalera ateratzearen garrantzia nabarmendu du mugimendu feministak: "Zaintza lanak aitortzeko, zaintza sistema publiko eta duinaren alde, ezinbestekoa da kalera ateratzea eta saretzea".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide