Bi solairuko trenak Bilboko Aldiriko zerbitzura helduko direla zalantzan jarri dute sindikatuek

Aitor Aspuru Saez 2024ko aza. 29a, 11:26

Bi solairuko trena. / Wikipedia

Iturri sindikalek adierazi dute gaur egungo azpiegiturekin ez direla "operatiboak".

Vocento taldeak atzo argitaratu zuen bi solairuko trenak Bilboko Aldiriko zerbitzuan funtzionamenduan egongo direla bi urte barru, gehienez. Ordea, Aiaraldea Komunikabidea harremanetan jarri da zerbitzu horretako sindikatuekin eta okertzat jo dute informazioa.

Sindikatuetako kideek azaldu dute unitate horiek ez direla operatiboak Bilboko C-1, C-2 eta C-3 lineatan. "Ekarriko dituzten Civia 464 modelo berriak hemengo azpiegituretara moldatzeko obrak egin beharko dituzte Ollargango tailerretan eta bi solairuko trenentzat ere egin beharko lituzkete. Horri buruz ez dute ezer aipatu. Egungo errealitatea da dauden azpiegituretan ezin direla erabili", aipatu dute.

Sindikatuen ustez, gaizki ulertu baten ondorioa da albistea. "Egia da Gasteiz eta Altsasu artean egingo duten zerbitzurako probatzen ari direla unitate horiek, baina Bilbon ez dugu horrelakorik entzun eta ez digute ezer jakinarazi. Edonola ere, modelo horiek inguru oso jendetsuetan erabiltzekoak dira, eta ez da gure kasua", adierazi dute.

Transferentzien esku aldaketa

Albistea erakundeen arteko aldaketen ondorioz sortu da. Berez, atzo Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak akordioa sinatu zuten tren zerbitzuko transferentziak erakunde autonomoaren esku uzteko.

Hain zuzen, Mugikortasun Jasangarriaren sailburu Susana Garcia Chuecak, Garraioetako eta Mugikortasun Jasangarriko Estatu idazkari Jose Antonio Santanok eta Renfeko presidente Raul Blancok agiria sinatu zuten honako zerbitzu hauen kudeaketa Jaurlaritzari lagatzeko:

  • Bilboko zabalera iberikoko aldirietako nukleoko hirurak: C1 (Bilbo Abando-Barakaldo-Santurtzi), C2 (Bilbo Abando-Barakaldo-Muskiz) eta C3 (Bilbo Abando-Orduña)
  • Donostiako zabalera iberikoko aldirietako nukleoko C1 linea (Irun-Donostia-Tolosa-Brinkola)
  • C4f Bilbao-Balmaseda linea (Bilboko zabalera metrikokoa).

Renfek konpromisoa hartu du 44 trenetako 25 zaharrenen ordez prestazio hobeak eskaintzen dituzten beste batzuk jartzeko datozen hiru urteetan.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide