Xabi Ramos argazkilariaren erakusketarekin abiatuko du urte berria Orduña Hiria Museoak. Ostiralean (urtarrilak 10) egingo dute erakusketaren inaugurazioa, museoko areto nagusian, arratsaldeko zazpietan. Ramos berak hartuko du hitza inaugurazio ekitaldian, lanaren nondik norakoak aletzeko.
Eskualdeko "altxorrak"
Gorobeleko eta Gorbeialdeko paisaiak, natur inguruneak eta fauna bildu ditu Xabi Ramosek Aiara eta Gorbeialdeko altxorrak izendaturiko argazki bilduman. Urte luzez Ramosek eskualdean egindako argazki guztien hautaketa txiki bat baino ez da Urduñan ikusgai egongo dena; baina, egileak berak adierazi duenez, "ikusleei bidaia bisual liluragarri bat egiteko gonbidapena luzatuko diete irudiek".
"Gorbeialdeko baso trinkoetatik Salbada mendilerroko soro soilduetaraino, Aiarako landazabala eta bere ibai aldakorrak zeharkatuz. Proiektu honen helburua ingurune gizatiartu honen aberastasuna eta natura ondarea goraipatzea da, eskualde horietako paisaia, fauna eta botanika bioaniztasunaren lagin baten bidez erakutsiz", azaldu du argazkilari okondoarrak.
Gaztetasuna eta esperientzia
27 urteko natura argazkilari okondoarra da Xabi Ramos Rodriguez. Aiaraldeko bioaniztasuna du ardatz bere lanean. Hain zuzen ere, bioaniztasunaren ezagutza eta errespetua sustatzea du helburu bere irudiekin, ingurune naturalaren babeserako.
Argazkilaritzarekiko zaletasunak urrutira ere eraman du Ramos. 2023an "Las aves silvestres" natura-argazkilaritza lehiaketako finalista hautatu zuten, 38 herrialdetatik bidalitako 6.400 argazki baino gehiagoren artean, Frantziako Proventza eskualdean atera zuen Flamenco Rosa argazkiagatik.