Guardian enpresak Laudioko lantegia ixteko dituen asmoek sortutako erreakzio olatura batu dira udalerriko ordezkari politikoak ere, baita LAB sindikatua eta Arabako EH Bildu.
Ainize Gastaka alkateak "kezka" adierazi du multinazionalak hartutako erabakiagatik, eta azaldu du itxierak eskualdean "eragin handia" izango duela. Guardianen edota beste enpresa baten esku, Laudioko fabrika bideragarria dela aldarrikatu du Gastakak.
Guardianek Laudioko lantegia itxi eta 171 langile kaleratu nahi ditu. Familiei gure elkartasuna. Herriak ere, kezkaz begiratzen du berriak eskualdean duen eragin handiagatik; zuei esaten dizuegu lanean ari garela. Lantegi hau bidegarria da Guardiaen esku edo beste batzuen esku. pic.twitter.com/5n45S20hr3
— Ainize Gastaka (@AinizeGastaka) January 22, 2025
EAJak itxiera erabakia deitoratu du
Laudioko alderdi jeltzaleak oharra zabaldu du Guardianek Laudioko lantegia ixteko hartutako erabakia deitoratzeko. Multinazionalaren erabakia tokiko ekonomiarentzat "kolpe latza" dela azpimarratu du EAJk, eta elkartasuna adierazi nahi izan die kaltetutako langileen familiei.
"Inplikatutako alderdi guztiekin batera lan egiteko prest" azaldu dira Laudioko EAJko kideak, "eskualdeko enplegua eta garapen ekonomikoa bermatuko dituen enpresa-proiektu sendo eta bideragarri bat" bilatzeko ahaleginean. Era berean, "erabaki horren eragina minimizatzeko eta Laudio eta bere bizilagunentzat etorkizun itxaropentsua bermatzeko ekimenak" bultzatuko dituela azaldu du udal-talde jeltzaleak.
LABek ez ditu onartzen Guardianen argudioak
LAB sindikatuak ere oharra zabaldu du azpimarratzeko multinazionalaren erabakia ez dela bat-batekoa izan: "Guardianek aspaldi hartutako erabaki bati erantzuten dio itxiera honek. Ibilbide orri batekin ari da enpresa. Jarduera errentagarrienak deslokalizatzen hasi zen, eta ondoren, Glavistaren zatia putre funts bati saldu zion. Beste behin ere, argi dago, multinazional honek bere interes ekonomikoak lehenesten dituela langileen bizitzen gainetik. Orain Guardianekin gertatzen ari denak Glavistarekin gertatu zenaren ildo berari jarraitzen dio, nahiz eta LABetik bi enpresak bideragarriak zirela mahaigaineratu eta salatu izan dugun".
LAB sindikatuak kritikatu du Guardian taldeak aspaldi hartu zuela Laudioko enpresa ixteko erabakia eta oraingo argudioak faltsuak direla.
Halaber, itxierari aurre egiteko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du sindikatuak, herritarrek babestu ditzaten.
Edonola ere, erakunde publikoentzako mezua izan da LABena: "erakunde guztiei eskatzen diegu, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari, eskura dituzten mekanismo guztiak erabil ditzaten egoera honi buelta emateko eta Guardianentzat oraina eta etorkizuna bermatzeko. Ezin da onartu dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek enplegua suntsitzen eta gure eskualdea prekarizatzen dituzten erabaki arbitrarioak hartzea".
EH Bildu Araba izugarri kritikoa Eusko Jaurlaritza eta Foru Aldundiarekin
Arabako EH Bilduk ere oharra plazaratu du eta oso modu kritikoan mintzatu da Eusko Jaurlaritzari eta Arabako Foru Aldundiari buruz. Hain zuzen, EH Bilduk gogoratu du Aiaraldeko Plan Estrategikoaren barruan 26 milioi euro gastatzea aurreikusi zutela. Horietako 8,8 milioi industriara bideratu behar zituzten eta Laudio Glass Hub proiektura, zehazki, 3 milioi euro. Egitasmo horren helburua zen Aiaraldeko beira ekoizpena erreferente gisa kokatzea estatuan zein nazioartean.
Arabako EH Bilduk azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiak ez dutela inbertitu iragarritako hiru milioi euroak Laudio Glass Hubean eta jadanik 400 lanpostu galdu direla beiraren sektore horretan.
Ordea, "gaur egun %3,4 baino ez da gastatu atal horretan", salatu du EH Bilduk. Koalizioak erantsi du bidean Glavista itxi dutela eta Guardian bide beretik doala. Hau da, guztira 400 lanpostuko galera gertatu dela.
EH Bilduren iritziz, "plana erabateko porrota izan da, inbertsioak ez direlako gauzatu". Hain zuzen, 2022ko irailean zehaztu behar zuten hori, baina plana ez da oraindik onartu, koalizioak azaldu duenez.
Elkarrekin Podemos IU koalizioak Ramiro Gonzalezi galdetuko dio zer egingo duen
Elkarrekin Podemos IU koalizioko ordezkariek Arabako Batzar Nagusietan ere iragarri dituzte mugimenduak Guardianen itxieraren harira.
Hain zuzen, jadanik galdera sorta erregistratu dute Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldunarentzat. Zehazki, jakin nahi dute zer egingo duen enpresak jarduera eten ez dezan. Halaber, aipatu dute "Aiaraldeak jasaten duen etengabeko desindustrializazioaren aurrean egitea aurreikusten dituen ekintzengatik ere" galdetuko diotela Gonzalezi.
Era berean, Foru Gobernuak Laudioko Beiraren Hubari buruz dituen asmoez galdetu du koalizioak. Azkenik, Elkarrekin Podemos IUk ere jakin nahi du Jaurlaritzak zer ekintza egin dituen orain arte Guardian enpresaren auzian.
Tubacex enpresako CCOOren elkartasun mezua
Tubacex enpresako CCOO sindikatuko atalak eta bere kideek oharra zabaldu dute elkartasun eta babes osoa eskaintzeko Guardian enpresako langileei eta deia zabaldu dute elkarlana sustatzeko eta konponbide justua lortzeko.