Guardianen itxiera

Guardian enpresak Laudioko lantegia itxi eta 171 langile kaleratuko dituela iragarri du

Erredakzioa 2025ko urt. 21a, 21:46

Glavistaren itxiera salatzeko mobilizazioa. / Aiaraldea.eus

Guardian multinazionalak adierazi die langileen ordezkariei Laudioko lantegian duen labea itxiko duela eta, ondorioz, behargin guztiak kaleratuko dituela. Dirudienez, uztailean etengo du behin betiko jarduera.

Albiste oso txarrarekin hasi da 2025 Aiaraldean. Izan ere, Guardian multinazioanalak jakinarazi du Laudioko lantegia itxiko duela eta bertan aritzen diren 171 langileak kaleratuko dituela. Badirudi Guardianek uztailean itxiko dituela ateak.

Langileen ordezkariek zabaldu dute zuzendaritzak (Jesus Rodriguezek eta Mario Ugartek) atzo izandako bileran aipatu zuela lan zama txikia dagoela, baina aitzakiatzat jo dituzte argudio horiek. Guardianek, bere aldetik, prentsa-oharra zabaldu du bere azalpenak plazaratzeko, eta argudiatu du "labearen desgastearen ondorioz" erabaki duela fabrika ixtea.

Gauzak horrela, XX. mendean Villosa izenarekin sortzetik, eta Aiaraldeko enpresa traktore izatetik (1.500 behargin izan zituen bere garai oparoenean), Laudion guztiz desagertzera igaroko da Guardian. Izen bereko multinazionalak 1984 eta 1986 urteen artean erosi zuen Laudioko fabrika, eta bere kapital osoa erosi zuen Koch Industries enpresa taldeak 2016an.

Azken kolpe hau bortitza izan bada ere, azken hamarkadetan Estatu Batuetatik agintzen duten enpresaren joera hori izan da, inbertsiorik ez egitea, alegia.

Guardian multinazionalak 1984 eta 1986 urteen artean erosi zuen Laudioko fabrika, eta bere kapital osoa erosi zuen Koch Industries enpresa taldeak 2016an.

Langileak bilakaeraren jabe ziren eta 2021ean ohartarazi zuten Glavistaren salmentarekin: "2010ean 850 langile zituen Guardianek Laudion. Orain bakarrik 209. Jendea erretiratzen joan den neurrian ez da inor kontratatu, ekoizpen lerro asko Tuterara eraman dituzte eta, azkenik, Auto atala saldu dute. Enplegu ugari suntsitu dute”.

Hain zuzen, 2020an 434 behargin baino ez zituen Guardianek (10 urte lehenago ia bikoitza zuen) eta horietako 225 Glavistaren salmentarekin (hau da, autoen ekoizpen lerroarekin) kendu zituen gainetik.

2012ko greba

Behin betiko itxiera mehatxuak bi aurrekari argi ditu: 2012ko greba eta Glavistaren salmenta. 2012an Guardian enpresako zuzendaritzak 120 langile kaleratzeko mehatxua mahairatu zuen eta beharginen erantzuna gogorra zein eraginkorra izan zen.

Greba mugagabea abiatu zuten eta lantegia bera okupatzeari ekin zioten. Azkenean, lortu zuten enpresak atzera egitea eta zuzendaritzan aldaketa handiak egin zituzten.

Behin betiko itxiera mehatxuak bi aurrekari argi ditu: 2012ko greba eta Glavistaren salmenta.

Glavistaren porrota eta iruzurra

Guardianek Parter Capital funts-putreari saldu zion Glavista eta operazio horren emaitzak bistakoak dira. Lantegia itxi zuten jabe berriek iaz eta bidean sufrikarioa igaro zuten beharginek. Berez, operazioa epaitegietan dago eta sindikatuek gertatutako guztiaren erruduntzat jo dute Guardian. Euren ustez, salmenta iruzur hutsa izan zen, Guardianek 225 kaleratze ez ordaintzeko.

Auzia, baina, ez da amaitu oraindik. Maiatzean berrabiarazi zuten enpresa itxi eta langileak kaleratzeko Enplegua Erregulatzeko Espedientea, sei hilabeteko etenaldiaren ostean. Epaileak dokumentazio ugari eskatu zien 2023ko urrian Parter Capital eta Guardian enpresei, baina hauek ez zuten aurtengo apirilera arte entregatu, eta horrek atzeratu zuen prozesu osoa, sindikatuek salatu zutenez.

Akordiorik gabe amaitu zen espedientearen kontsulta fasea, eta uztailean atera zen epailearen ebazpena: Gasteizko merkataritza arloko epaitegiak arrazoia eman zien Autoglas-Glavistako langileei eta adierazi zuen bidegabea zela behargin guztiak kaleratzeko enplegua erregulatzeko espedientea.

Baina hor ez zen amaitu epaitegietako prozesua.  ELAk Guardian eta Parter Capitalen aurka salaketa abiatu zuen hartzekodunen lehiaketaren kalifikazioan, eta azaroan atera zen horren sententzia. Epaileak partzialki onartu zuen sindikatuaren eskaera: ebatzi zuen Terrahe & Associates Beteilingungs (Parter Capitalek Glavista kudeatzeko baliatutako enpresa) zela fabrikaren itxieraren erruduna. Hori espero zitekeen: Parter Capitalen zuzendari maiatzean atxilotu zuten Frantzian, bertako beste lantegi bat porrotera eramatea leporatuta.

Dena den, epaileak ez du Guardian saku berean sartu, beiraren multinazionala izan zen arren 2020an Autoglas-Glavista Parter Capitali saldu ziona.

Dena dela, esan bezala, auzia ez da itxi oraindik. Enpresa ixteko prozesuak aurrera darrai, eta EAEko Auzitegi Gorenak ebatzi beharko du sindikatuek zein inplikatutako enpresek jarritako helegiteei erantzunez. Ebazten horren bidez zehaztuko da, besteak beste, nork hartuko dituen bere gain langileen kaleratzeen  kostuak. Ebazpenak ebazpen, ez dirudi enpresaren itxierak atzera bueltarik izango duenik, eta horren emaitza argia da: 240 lanpostu gutxiago daude Aiaraldeko industrian, eta ortzimuga ere ilun dago, azken albiste honekin argi geratu den bezala. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide