Eskualdeko udal guztiek handituko dute Aiaraldea Komunikabidea indartzeko laguntza, Amurriokoak salbu

Erredakzioa 2025ko urt. 28a, 21:02

Orozkoko udal ordezkari guztiak Aiaraldea Komunikabideko kideekin, bertako hitzarmenaren sinaketan. / Aiaraldea.eus

Hitzarmena berritu eta dirulaguntzaren zenbatekoa eguneratzea adostu dute Laudio, Aiara, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Okondo, Urduña, Arakaldo eta Artziniegako Udalek Aiaraldea Komunikabidearekin. 

Aiaraldea Komunikabidearekin duela 13 urte sinatutako euskara sustatzeko lankidetza hitzarmena eguneratzea adostu dute Laudio, Aiara, Orozko, Arrankudiaga-Zollo, Okondo, Urduña, Arakaldo eta Artziniegako Udalek.

Modu horretan, komunikabideari ematen dioten babes ekonomikoa indartuko dute aipatutako zortzi tokiko erakundeek aurten, komunikabideak bidean dituen erronkei hobeto heldu ahal izateko. 

Iragan udazkenean egin zuen Aiaraldea Komunikabideak bilera erronda eskualdeko udal talde politiko guztiekin, hitzarmena eguneratzeko proposamena helarazi eta talde guztien oniritzia jasotzeko. Horrela, komunikabidearen jardunaren berri lehen eskutik jaso ahal izan dute Udaletan ordezkaritza duten talde politiko guztiek, eta ekarpenak egin ahal izan dituzte horri begira.

Okondoko Udalak, adibidez, udalerriak komunikabidean duen presentzia handitzeko beharra jarri zuen mahai gainean, eta hori bermatzeko neurriak adostu ditu hedabideko lan-taldearekin.

Iragan udazkenean egin zuen Aiaraldea Komunikabideak bilera erronda eskualdeko udal talde politiko guztiekin, hitzarmena eguneratzeko proposamena helarazi eta talde guztien oniritzia jasotzeko.

2012an sinatu zuten eskualdeko udal guztiek euskarazko komunikabideak sustatzeko dirulaguntza, Saraube mahaian. Garaiko alkate guztiek ez ezik, eskualdean ordezkaritza zuten talde politiko guztietako ordezkariek ere egin zuten bat ekimenarekin. 

Une horretan adostu zen Aiaraldea Komunikabidea finantzatzeko urteroko dirulaguntza. Ordutik hona eskualdeko udal bakoitzak 0,6 zentimo bideratu ditu diru-laguntzara biztanleko. 2017an, aldiz, hitzarmena berritu egin zen, diru-laguntzen zenbatekoa gaurkotu eta 0,70 euro biztanleko parametrora igaroz.

Hori da azken zazpi urteetan indarrean egon den zenbatekoa. Aurten, aldiz, diru-laguntzaren zenbatekoa 1,00 euro biztanleko izatera igaroko da aipatutako zortzi Udaletan, Aiaraldea Komunikabidearekin adostuta. 

Zergatik eguneraketa?

Gauza asko aldatu dira azken 13 urteetan. 2012an hitzarmena sortu eta lehenbiziko aldiz sinatu zenean, webgune soil batera mugatzen zen Aiaraldea Komunikabidearen jarduna. Handik urtebetera argitaratu zen Aiaraldea Hemen hamabostekariaren lehen alea, orduz geroztik hamabostean behin banatzen da doan, eskualdeko ikastetxe, saltoki, taberna, kale eta bestelako topagunetan. 

Gero etorri ziren ‘Aiaraldea Jaietan’ udako aldizkaria edota ‘Mugarriak’ urtekaria, sare sozialetako presentziaren eta ikus-entzunezko sorkuntzen ugaritzea… eta orain, ortzimuga berri baterantz jotzeari ekin nahi dio Komunikabideak: Aiaraldea Telebista.

Hainbat urrats eman dira dagoeneko norabide horretan. 2023 amaieran ekin zion Komunikabideak asteroko ‘Poliedroa’ bideo-podcasta ekoizteari, eta aurten jauzi kualitatibo nabarmena egin nahi du esparru horretan.

Horretarako, grabaketa platoa atondu du Laudion kokatutako Faktoria espazioan, kamara errobotizatuez hornitutako ikus-entzunezko errealizazio azpiegiturarekin; eta bertan ekingo dio ikus-entzunezko programazio jarraitua osatzeari, maiztasun finkoko zenbait saio ekoiztera igaroz. Datozen hilabeteetan ikusi ahal izango dira egitasmo horren lehen emaitzak.

Orain, ortzimuga berri baterantz jotzeari ekin nahi dio Komunikabideak: Aiaraldea Telebista. Platoa atondu du horretarako, eta datozen hilabeteetan ikusi ahalko dira lehen emaitzak.

Horrez gain, bestelako erronkak ere ditu esku artean Komunikabideak. Alde batetik, papereko ekoizpenaren berregituraketa egin nahi du, formatu fisikoaren alde eginiko apustuan berretsita, baina hamabostekaria eta beste argitalpenak gaur egungo publikora (publiko gaztera, batez ere) gerturatuz eta egokituz egungo gizartean ematen ari diren aldaketetara.

Edizio digitala indartzea ere bada beste erronketako bat, giza baliabideetan eta formazioan inbertituta eta, modu horretan, jauzia emanez komunikabidearen eguneroko ekoizpen digitalaren kalitatean, edukiei zein formatuari dagokionez.

Bizitzaren garestitzea 

Baina, erronketatik eta proiektu berrietatik harago, badago finantziazioaren igoera are premiazkoagoa bilakatu duen faktore bat: azken urteetan sektore guztietan bizi izan den bizitzaren garestitzea.

Zerbitzu guztien prezioek egin dute gora. Adibide zehatz bat jartzearren: 2018tik hona %43,16 igo da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren inprenta kostua, eta langileetan zein bestelako balibideetan ere geroz eta diru gehiago inbertitu behar da. Beste modu batera esanda: orain arte erdietsitako lorpenak mantentzeko beharrezkoa da proiektuaren finantziazioa handitu eta egonkortzea. 

2018tik hona %43,16 igo da Aiaraldea Hemen hamabostekariaren inprenta kostua, eta langileetan zein bestelako balibideetan ere geroz eta diru gehiago inbertitu behar da.

Adimen artifizialaren olatua, fake news-en aurkako borroka, digitalizazioa, belaunaldi gazteekiko atxikimendua… erronka handiak dituzte eta izango dituzte komunikabideek datozen urteetan, are gehiago euskara bezalako hizkuntza gutxituan jarduten dutenek, eta Aiaraldea Komunikabideari ere berebizikoa zaio horiei aurre egiteko ezagutza eta balibide egokiak eskuratzea.

Amurriokoa, salbuespen bakarra

Hitzarmenaren eguneraketarekin lortutako adostasunak badu salbuespen bat: Amurrioko Udala. Duela urtebete ezabatu zuen bertako udal gobernuak euskarazko komunikabideak sustatzeko hitzarmena, Aiaraldea Komunikabideari dirulaguntza kenduz. Erantzuna tamainakoa izan zen: 1.700 eragile eta norbanako baino gehiagok (Amurrioko 500 elkarte eta herritarretik gora tartean) eskatu zioten tokiko erakundeari hartutako erabakian atzera egitea, udaletxearen aurrean eginiko agerraldi jendetsu baten bidez. Baina, gaur gaurkoz, Udalak uko egin dio Aiaraldea Komunikabidearekin biltze hutsari. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide